Hainbat hedabidek aste honetan iragarri dute La Pau enpresak asmoa zuela Osakidetzarekin dituen kontratuei uko egiteko. La Pauk, baina, hori gezurtatu, eta esan du lanean jarraituko duela «osasun garraioko zerbitzuak» eskaintzeko. Zurrumurru horien harira, ESK sindikatuak argi utzi nahi izan du La Pau enpresak «sistematikoki» urratzen dituela langileen eskubideak. «Irtenbide bakarra da zerbitzua publiko egitea», azpimarratu du.
Sindikatuak ohar bidez jakinarazi du La Pauk «diru asko» zor diela beharginei. Kataluniako enpresak Bizkaiko eta Arabako anbulantziak kudeatzen ditu, bai larrialdietakoak, baita programatutakoak ere. Besteak beste, langileek ez dute jaso uztaileko aparteko ordainsaria, ezta beste hainbat orduren truke jaso beharreko soldata ere. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila «lizitazio kontratuaren erantzule solidarioa» izanik, ESK-k nabarmendu du enpresak langileekin dituen «zorren erantzule solidarioa» ere badela.
Bestalde, ESK-k salatu du lan ikuskaritzak gero eta zigor gehiago jarri dizkiola enpresari, eta horrek «larriagotu» egin dituela arazo ekonomikoak. «Langileekiko inolako enpatiarik ez duen enpresa politika» egitea egotzi diote La Pauri. Eta erantsi dute salaketa aurkeztu dutela, enpresak ez dielako soldata aurreratu «egoera ekonomiko oso ahulean dauden hainbat langileri». Eskubide hori Langileen Estatutuan jasota dagoela gogoratu du sindikatuak, eta langile horien egoera enpresak berak eragin duela.
240 intzidentzia
Zerbitzuaren intzidentziek ere ez dute etenik, ESKren arabera. Udan berrehun baino gehiago egon dira. «Ehun kasutan, anbulantziak geldirik egon dira txanda osoan», zehaztu dute. Irailean ere izan dira intzidentziak; ia berrogei, hain zuzen.
ESKren ustez, egoerari irtenbide bat emateko, konponbide bakarra dago: «Zerbitzua publiko egitea». Azpikontratazioa prekaritatea dela azaldu du, eta «onartezina» dela «funtsezko zerbitzu bat prekarioa» izatea: «Herritarrek enpresa eta irabazi irizpideetatik urrun dagoen anbulantzia zerbitzu bat behar dute; herritarren arretari eta osasunari lehentasuna emango diena». Zerbitzu publikoa izan arte, ESK-k langileei dei egin die mobilizazioekin jarraitzera.