Espainiako Gorteetako eta Europako bozetan zerrenda bateratuak proposatuko ditu EH Bilduk, «herri gisa agertzeko»

EH Bildu sendotzeko, hiru ebazpen «funtsezko» onartu direla nabarmendu du Otegik . Lehena, nazio estrategia garatzeko, EH Bairen eskutik; bigarrena haugaitza bateratuak aurkezteko; hirugarrena, «gobernantza eta boterea demokratizatzeko».

(ID_14661056) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2025-02-08, Iruñea. EH Bilduren III
Arnaldo Otegi idazkari nagusia eta Mahai Politiko berria, Iruñeko Baluarte jauregian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
joxerra senar
2025eko otsailaren 8a
11:30
Entzun

EH Bilduren III. Kongresuaren lehen egunean, atzokoan, nazioarteko 43 ordezkaritzek izan zuten protagonismoa. Gaur, bigarren eta azken egunean, gehiengo zabal baten oniritziarekin, EH Bilduk Mahai Politikoa berritu du, Arnaldo Otegi berriro idazkari nagusi izendatu du, eta aurrera begirako txosten politikoa onartu du. Horrez gain, «hirugarren eraldaketa nazionalari» bultzada emateko asmoz euskal politikagintzari begirako hiru proposamen mahaigaineratu ditu: nazio estrategia garatzeko; Espainiako Gorteetako eta Europako hauteskundeei begira, «Euskal Herriaren gehiengoa ordezkatzeko zerrenda bateratua» egiteko; eta, azkenik, «gobernantza eta boterea demokratizatzeko». Otegiren arabera, onartutako hiru ebazpenak «funtsezkoak» dira, hiru ardatz horietako norabidea markatuko dutelako.

Bozketen emaitzei dagokienez, Arnaldo Otegik %94,4ren babesa jaso du. Mahai Politikoa osatuko duten kideek %90etik gorako sostengua jaso dute. Gainera, estatutuen berritzeak aldeko %90,6 boto jaso ditu. Ebazpenek ere aldeko gehiengo handi bat izan dute: nazio estrategia garatzeari buruzkoak %99,8ko babesa izan du; zerrenda bateratuari buruzkoak, %96,3koa; eta boterea demokratizatzearen inguruko proposamenak, %98,7koa.

Iruñeko Baluarte jauregian, eguerdiko ekitaldiari ekin dio Miren Zabaleta Nafarroako koordinatzaileak. Haren esanetan, azken sei hilabeteetako prozesua «ederra» izan da, eta, behin helmugara iritsita, «proiektua eguneratu eta eraginkortu egin dute, EH Bildu ahalik eta eraginkorrena egiteko».

Unai Urruzunok azaldu du gaur-gaurkoz «ezkerreko subiranismoak ahotsa altxatu dezakeen espazioetan» dagoela koalizioa, eta nabarmendu du «harro» daudela orain arte lortutako hauteskunde emaitzekin. Alta, uste dute proiektuak beste bultzada bat behar duela, eta horregatik euskal politikagintzari begirako hiru ebazpen proposatu dituzte. Urruzunoren arabera, «datozen urteetako ekinbideetan eta erabaki politiko estrategikoetan oinarriak jarriko ditu».

EH Bairi eskaintza

Hiru ebazpenak aurrera atera dira gehiengo zabal batekin. Besoa altxatuta bozkatu dute kongresuan parte hartu duten bilkideek. Lehen ebazpena Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko eledunak irakurri du. Bertan, EH Bairekin hitzartutako akordio estrategikoari bultzada eman nahi diote eta beste urrats bat egin, «esparru bakarra, amankomuna eta konfederala osatzeko». Hala, EH Bilduk proposatu dio EH Bairi «elkarrekin bide horretaz gogoeta partekatua abiarazteko, bi indarren barne prozedurak kontuan hartuz eta uztartuz». Biek ala biek zehaztu dute indar bakoitzaren identitateari eusteko asmoa dutela.

EH Baik ontzat jo du proposamena: «Balio handia du, eta bide horretan sakontzeko borondatea agertu nahi dizuegu», aipatu du Txomin Casteigts eledunak. Haren esanetan, Euskal Herria oraindik zatiturik badago ere, eta bi indarrek agenda eta tresna desberdinak badituzte ere, helburu berak dituzte: «Burujabetza osoa eta jendartearen eraldaketa». Hala, Casteigtsek ontzat jo du «oinarri sendoekin, urratsez urrats» EH Bildurekin batera bidea egitea. «Herri gisa jokatzea da gure indarra», aipatu du.

Bigarren ebazpena Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak irakurri du. Ebazpen horretan, EH Bilduk hauteskunde lehiak bereizi ditu, eta adierazi du badirela bozak indar bakoitzak bere proposamen bereizgarriak aurkez ditzan. Haien ustez, beste hauteskunde batzuetan, berriz, aukera dago «Euskal Herri gisa» azaltzeko eta gehiengo sozialak islatzeko. Hala, proposatu dute Espainiako Senaturako, Kongresurako eta Europako Parlamenturako bozetarako «nazio zerrenda bateratuak» osatzea, «adostasun zabaleko gutxieneko programa amankomun bat oinarri izango duena».

Hirugarren ebazpena, berriz, Pello Otxandiano EH Bilduko legebiltzarkideak irakurri du. Haren arabera, azken hauteskunde zikloan koalizioa indartu egin da, eta «ultraeskuinari aurre egiteko erabakigarri» izan da koalizioa. Azken ebazpenaren bidez, proposatu dute bazterketa dinamikak gaindituko dituen elkarlaneko gobernuak egituratzen saiatzea, «herritarren parte hartzea bideratuz eta beste indarrekin ardura eremuak konpartituz». Erakundeen eta boterearen kudeaketan eredu demokratiko aurreratuak eraiki nahi dituzte.

EH Bilduko ordezkariak Baluarten, III. Kongresuan. JAZKI FONTANEDA
EH Bilduko ordezkariak Baluarten, III. Kongresuan. JAZKI FONTANEDA

Otegiren diskurtsoa

Amaieran, Otegi mintzatu da, eta azpimarratu du «harro» dagoela idazkari nagusi izendatzeagatik eta ohore bat dela beretzat. «Pribilegiatua sentitzen naiz». Hurrengo hilabete eta urteei begira, Otegik argi adierazi du neoliberalismoaren aurkako borroka eta Euskal Herriarentzako subiranotasuna izango dituela ardatz. Elkarbizitza sustatzeko konpromisoa berretsi du, eta, gai horretan, bat egin du Sinn Feineko presidentearen eskaerarekin. «Bada garaia preso guztiak etxean egoteko eta deportatuak Euskal Herrian izateko».

Ebazpenei erreparatu die jarraian. Nazio estrategia garatzeko dokumentuak «Euskal Herria mapan kokatzen du. Zazpi lurraldeko herrialdea garela oso argi egon behar du gure markoan». Hala, pozik agertu da EH Bairekin, hain zuzen «esparru komun bat osatzeko» egindako gonbidapenarekin.

Otegiren arabera, zerrenda bateratuak osatzeko proposamenak agindu bati jarraitzen dio: «lehenik aberria, gero alderdia». Hala, aipatu du askotan errepikatu izan den aipu hori orain kongresu batean onartu dela. «Ez diezagutela gero esan taktikoki egiten dugun eskaintza bat dela, aurretik kongresu honetan berretsia izan baita».

Azken ebazpenari dagokionez, Otegik uste du ezkerrak gobernatzeko beste eredu bat eskaini behar duela. «Botere ariketa nola ulertzen dugun proposatzen dugu bertan. Denbora izango dugu eztabaidatzeko», aipatu du. Bere diskurtsoan narmendu du EH Bildu prest dagoela, «gobernatzeko, gobernu izateko eta gobernuetatik estatu izatera ibilbidea egiteko».

ERC eta Sinn Fein

Otegik hitz egin aurretik, ERCko eta Sinn Feineko buruzagiak igo dira oholtzara. Lehenik, Oriol Junqueras ERCko presidenteak aitortu du bi indarren arteko «estrategiak eta tempoak» ez dutela beti bat egin. «Horrek erraztu egin du estatu espainiarraren jazarpena». Junquerasek adierazi du ERCren eta EH Bilduren arteko elkarlana berresteko «konpromisoa eta borondatea» duela. Independentzia lortzeko hurrengo saiakeran, «elkarrekin eta indar handienarekin» egiteko nahia agertu du.

Declan Kearney Irlandako Sinn Feineko idazkari nazionalak, berriz, bere lehen mezuan euskal presoak etxeratzeko eta erbesteratuak Euskal Herriratzeko deia egin du. «Presoak kalera, free them all», esan du euskaraz zein ingelesez. Kearneyren arabera, ezker abertzaleak eta Irlandako mugimendu errepublikano eta independentistak urte luzez bat egin dute «bideetan eta erronketan», eta erne erreparatu diete bien zailtasunei eta arrakastei. Kearneyk EH Bilduri esan dio «harro» egon behar duela lortutakoarekin. Etorkizunari begira, «konfiantza» izatera eta aukera berriak baliatzera dei egin dio. «Sinn Feinen sostengua duzue. Garai zirraragarria da independentziaren aldeko zuen borrokan».

 

EH Bilduren mahai politikoa

  • Idazkariak. Arnaldo Otegi, idazkari nagusia. Sonia Jacinto, antolaketa; Arkaitz Rodriguez, ekintza politikoa, Nerea Kortajarena, programa politikoa; Gorka Elejabarrieta, harremanak. 
  • Sailak. Unai Urruzuno, politika instituzionala; Onintza Oleaga, udalgintza; Imanol Nieto, eraketa; Igor Zulaika, nazioarteko politika; Gari Mujika, komunikazio arduraduna.
  • Herrialdeetako arduradunak. Iban San Saturnino (Araba), Nahia Sanz (Bizkaia), Nekane Zinkunegi (Gipuzkoa), Miren Zabaleta.
  • Araba. Rocio Vitero, Eva Lopez de Arroiabe, Ainize Gastaka.
  • Bizkaia. Maria del Rio, Iker Casanova eta Iñigo Hernando.
  • Gipuzkoa. Juan Carlos Izagirre, Maddalen Iriarte eta Aizpea Otaegi.
  • Nafarroa. Garbiñe Bueno, Mikel Zabaleta eta Ander Loiola.
  • Legebiltzarretako eledunak. Pello Otxandiano, Laura Aznal, Mertxe Aizpurua eta Idurre Bideguren.
  • Alderdiak. Eba Blanco (EA); Oskar Matute (Alternatiba). 
  • Kontrol eta berme batzordea. Ander Bilbao, Leire Errionda, Iban Arrunategi, Maite Diaz de Heredia, Emilia Gonzalez, Beñat Arrutia. 
  • Kontuak. Manuel Fraile, Maider Otamendi, Pedro Gutierrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.