Anberesen dira Hodei Egiluzen bila ariko diren bizikleta martxako kideak

Flandria, Herbehereak eta Belgika zeharkatuko ditu desagertutako gaztearen aldeko ekintzak

Atzo, elkarretaratzean, dozenaka lagun bildu ziren Hodei Egiluz gogoan dutela adierazteko. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Galdakao
2014ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Dozenaka lagun agertu ziren atzo goizean Hodei Egiluzen argazkia duten kamisetak soinean jantzita Galdakaoko udaletxeko plazara, Bizkaian. Urriaren 19tik desagertuta dagoen herriko gaztea da Egiluz, Anberesen (Flandria) lanean ari zena, eta hantxe galdu zen haren arrastoa. Herritarrek ez dute nahi haren bilaketa eteterik, ordea, eta gaztearen bila bizikleta martxa batean abiatzekotan zirenei elkartasuna adierazi eta agur esatera joan ziren. Tartean izan zen Jan de Kezel, Egiluz kanpoan zela haren nagusi izandakoa. «Hona etortzeko arrazoi nagusia Hodeiren familiari eta lagunei elkartasuna adieraztea da. Gertatutako guztiaren ondoren Anberesera egin dituzten bidaia guztiekin, Hodeiren familiaren eta adiskideen lagun mina egin naiz, eta elkartasuna adieraztera etorri gara nire familia eta ni». Hodei «oso pertsona jatorra» dela esan zuen, «lagun ona» duela, eta haren desagertzea «kolpe latza» izan dela.

Hodeiren gurasoak Belgika eta inguruetan dabiltza kartelak eta afixak jartzen. «Oso zaila da zer gertatu zen jakitea. Han, Poliziak esandakoa soilik dakigu, eta Hodei desagertu zen tokia mugimendu askokoa da. Hura egon zen eran, bertan atzerritar ugari ibiltzen da. Gurasoak horregatik daude han, alde batean eta bestean kartelak jartzen eta argazkiak erakusten. Non egon daitekeen froga zehatzik izan gabe, aukera guztiak daude zabalik».

Anbereserako bidaia hasi aurretik, plazn bildutako lagunek elkarretaratzea egin zuten, eta Hodei Egiluzek hirurehun egun desagertuta daramatzala gogoratzen duen pankarta zabaldu zuten. Pankarta bizikletekin batera gorde zuten furgonetan, martxan eramateko. Flandrian, Belgikan eta Herbehereetan zehar egingo dituzten ekitaldi ugarietan kalera ateratzeko eta mezua zabaltzeko erabiliko dute. Martxaren bidez, helburua Egiluzen kasua zabaltzea da. «Hango gizarteari erakutsi behar zaio Hodei desagertuta dagoela. Anberes inguruan agian ezaguna zaie, baina Herbehereetan, adibidez, ez dute berri handirik. Horretara goaz gu, desagertzearen berri zabaltzera, guretzat edozein informazio da garrantzitsu eta. Hala, ezinbestekoa da haren bila gabiltzala zabaltzea», jakinarazi du Alberto Agirreazaldegik, bizikleta martxaren antolatzaileetako batek. Bizikleta tresna «ezin hobea» dela pentsatzen du Urtzi Salcedok, elkarretaratzera gerturatutako batek. «Bizikletarekin herriak eta hiriburuak zeharkatuko dituzte, eta horrek atentzioa emango du, ziur gaude. Alde batetik, jendearen jakin-mina piztuko du, eta, beste aldetik, hango hedabideetan ere izango du oihartzuna martxak».

Gurpil gainean

«Bizikleta da hango garraio garrantzitsuena; hala, jendearekin harremanetan jartzeko eta arreta deitzeko hartu zen bizikleta martxa egiteko erabakia», azaldu du Agirreazaldegik. Ibilbidean aurrera egin ahala, txirrindulari gehiago batuko zaizkie. Batzuk eguneko etapak egiteko; beste batzuk, aldiz, martxara batu eta bukatu arte osatzeko. Bihar hasiko dute bidea, eta 500 kilometroegingo dituzte zazpi etapatan. Anberes, Breda, Rotterdam, Gante, Brusela eta Leuven hiriak zeharkatuko dituzte. Egiluzen desagertzearen berri ematen duten afixak eta kartelak pegatuko dituzte herri eta hiriburu guztietan. Etapa hasi eta bukatzen den toki bakoitzean zenbait ekitaldi egingo dituzte Egiluzen kasua oroitarazteko. Abuztuaren 20an, esaterako, Egiluz desagertu zenetik hamar hil bete direla gogoratzeko, Anberesen hango hainbat artistarekin ariko dira, bilatzeari utz ez dakion eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.