Anasagastik dio «Madrilen ahulezia» ona dela EAEko estatus berriarentzat

Urizarrek EAJri esan dio ez dezatela beraiekin konta asmoa Espainiaren barnean jarraitzea bada

2013ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
«Madrilen indarra zenbat eta ahulagoa izan, guretzat hobe». Horixe adierazi du Iñaki Anasagasti EAJko senatariak Efe agentziak egindako elkarrizketa batean. EAJk azken egunotan EAEren estatusaren inguruan hasi duen eztabaidaren ondotik etorri dira adierazpen horiek. EAEko lehendakari Iñigo Urkulluk Ibarretxe planaren bidea hartu duela uste du Anasagastik, eta hori, gainera, «normala» dela. «Planteamendu guztiz demokratikoa delako».

Anasagastirentzat, Barcenasen eta Urdangarinen auziek islatzen dute «Madrilen ahulezia», eta Espainiako politikak «erreforma sakona» behar duela nabarmendu du. Espainiako demokrazia «oso kalitate baxukoa» dela uste du, eta «goitik beherako berritzea» behar duela.

«Euskadiren estatus politiko berriari» buruz, Eskozia eredutzat hartu du jeltzaleak. Eskozian 2014ko irailaren 18an egingo dute herrialdearen independentziaren inguruko galdeketa. Han, 2012ko urtarrilean proposatu zuen subiranotasunaren inguruko erreferenduma Alex Salmond lehen ministroak. Anasagastik azaldu duenez, 2014ko irailean jazotzen denak«jarraibide asko markatuko ditu guk hartu beharreko bidean».

EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek, berriz, EAJren aurka egin du. «Ez dezatela gurekin konta, estatus politikoaren debate horrekin Espainiaren barruko Euskadi bat nahi badute», erantzun dio alderdi jeltzaleari Bakion (Bizkaia) egindako prentsaurreko batean.

Subiranotasunaren eztabaida mahai gainean ipintzea «normala ez ezik, beharrezkoa» dela nabarmendu du, eta Europan Katalunia eta Eskoziako adibideak daudela gaineratu. «Europan ari dira estaturik gabeko herri batzuk euren etorkizunaren inguruan erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen eta horretarako indarra hartzen», azaldu du. Hori esanik, EH Bildu osatzen duten indar politikoak «bide horretan lan egiteko prest» daudela nabarmendu du.

Ezker abertzalearen aurka

EAEren estatus politiko berria eta ustelkeria kasuez aparte, ETA eta ezker abertzaleaz ere mintzatu da Anasagasti. ETAri «behingoz» desegiteko deia ere egin dio senatari jeltzaleak, eta azpimarratu du PPren gobernuak ez duela «koma bat ere mugituko» erakunde armatuaren «aldarrikapenei kasu egiteko». Hala, armak uzteko deia egin dio ETAri, eta erantsi du EAJ prest dagoela horretan laguntzeko.

Ezker abertzalearen aurka ere egin du Anasagastik. Euskal presoak «gizarteratzea zailtzen» ari dela eta politikan «adimenez» jokatzeko oraindik falta zaiola adierazi du. «Ezker abertzalearen 30 urteko historia porrot izugarri baten historia da. Bide armatuaren alde egin zuten, eta orain hori dena birziklatu beharra dute, jendeak herri honetan zer pasatuden ahantz dezan».

Gipuzkoako EH Bildu, berriz, nondik dabilen ez dakien «jipoitutako boxeolari batekin» alderatu du, diputazioak bidesari eta zabor kudeaketaren inguruan hartutako erabakien harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.