Pertsonaia. Txentxo Jimenez

Zuzendaritza uztea erabaki du

2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Aralarren hasieratik, Nafarroako koordinatzaile izan da Txentxo Jimenez, eta atzo jakin zenez, kargua uztea erabaki du. Zuzendaritzan aritu den urteak «bereziki positiboak» izan direla dio. Duela bi hilabete hartu zuen erabakia. Zergatiak emateko orduan, «naturaren legea» besterik ez dela azaldu du, eta bestelako interpretazioetatik aldendu da. «Nahikoa denbora pasatu da, eta beste militanteei dagokie alderdiko lema hartzea». Haren hitzetan, «logikoa da» inor buruzagitzan denbora gehiegi ez egotea.

Solera herrian jaio zen (Jaen, Espainia), 1957ko ekainaren 3an. Hamar urterekin, sendia Euskal Herrira etorri zen, Berriozarrera —«egoera ekonomikoa eta lana oso gaizki zeuden»—. Hamazazpi urterekin, ezkerreko alderdi batean hasi zen militatzen. 1979an, Berriozarko langile mugimenduko alderdi bat sortu eta zerrendetan aurkeztu zen. Handik gutxira, HBn eman zuen izena. 1995ean, HB utzi zuen, ez zegoelako ados ETAren borroka armatuarekin.

Patxi Zabaletarekin batera, Aralarren bultzatzaile izan da, eta Nafarroako koordinatzaile hasieratik. Maiz onartu du hasiera «mingarria» izan zela, zauri asko utzi zituelako. Hamar urte geroago, pozik dago, «Aralarren posizio ideologikoak aurrera atera direlako», haren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.