enekoitz esnaola
ANALISIA

«Zikloa ixteko», esan eta egin

2016ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Zikloa itxi». Hori esaten da maiz ezker abertzalean; azkenaldian,sarriago. Duela mende erdi bat ETAren borroka armatuarekin hasitako zikloaren ondorioez ari dira: armagabetzea, presoak etxera... Ezker abertzaleak 2009-2010ean aldaketa estrategikoaren eztabaida ofiziala baldintza zailetan eta azkar egin zuen, baina erabaki historikoa hartu zuen: estrategia politiko-militarra utzi, estrategia politiko soilari eusteko. Alde biko prozesu baten esperoan, bideari etxeko lan denak egiteke ekin zion: ETAk armak zigilatu eta entregatzeko pronto utzi gabe; edota EPPK-k bere urrats berriaren eztabaida egin barik. Osloko «elkarrizketa eta negoziazio gunea» 2013ko otsailean «desegin» zen, urtebete pasan Espainia-ETA bilerarik ospatu gabe. Geroztik ETAk iragarri zuen armagabetzen hasi zela—2014ko otsaila—, eta EPPK-k egin zuen eztabaida eta plazaratu agiri bat, baina hori guztia garatzeko zailtasunekin aurkitu da ezker abertzalea: bere ekinaldi faltagatik —«autokritika» aipatu du EPPK-ko zuzendaritzak— etaestatuen jarrera itxiagatik. Hiru bat urte galdu diren sentsazioa daukate ezker abertzalean. Ez dute gehiago galdu nahi. Armagabetzean ildoa berritu du ETAk; «espetxeak husteko» ildoa berritzeko gogoeta hasi du EPPK-k.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak gaur hiru urte kaleratu zuen agiria ez zen izan beste agiri bat. Ezker abertzalearen aldaketa estrategikoa berresteaz gain, ETAren indarkeriarekin «eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortu» zuen kolektiboak, eta «legediaren garapena» egiteko prestasuna agertu. Ebazpen berritzailea zen. Tempus aldetik zetorren deskolokatu antzean. Izan ere, Foro Sozialak urte bereko maiatzean plazaratutako gomendioak bere gain hartu zituela urtearen hondarrean jakinarazi zuen EPPK-k, eta ordurako —irailean— Herrira-ren aurkako polizia operazio garrantzitsua egon zen. Horrek —«errepresioak», oro har— kolpatu egin zuen presoen gaia modu zabal batean aktibatzeko ezker abertzalearen eskema. «Estatuaren errepresioa izan zen urratsa [2013-12-28ko adierazpena] indargabetu zuena,EPPKren ekimena ezinbesteko zuen gizarte babesik gabe gelditu baitzen», esan du orain kolektiboko zuzendaritzak eztabaidarako oinarrizko txostenean.

2013ko «ildoa berritu» nahi du EPPK-k, «eraginkor» bihurtzeko. Berritasun nabarmenak dauzka proposamenak. Esaterako, lehentasuna ez da, aurrekoan bezala, hasieratik preso denak Euskal Herriko kartzeletan batzea, gero legedian urratsak egiteko. Preso bakoitzak «ildo juridikoan aukera desberdinak» jorratzea ere bada berritasuna, gradu aldaketak edota baimenak aukera horien artean aitatu dituztelako, damua eta salaketa izanik «mugak»—hori ez da berria—. Lorpen orori emango liokete balioa, partziala izan arren: «Ontzat emango genuke batze oro, hurbiltze oro eta kaleratze oro; batzea partziala izanda ere, hurbiltzea Euskal Herriratzea ez izanda ere, kaleratzea betiko ez izanda ere». Eta «malgutasun handiz» jokatu beharko dutela ere badio. 2013ko idatziko «etxeratzea gauzatzeko, prestasuna dugu prozesu hori egitasmo orokor baten baitan modu mailakatuan eta konpromiso indibidualarekin garatua izan dadin aztertu eta jorratzeko» baino zehatzagoa da oraingo planteamendua. Gainera, Espainiaren eta Frantziaren jokabideagatik, EPPK-ko zuzendaritzak ezinezko jo du «alde biko negoziazioa»; duela hiru urteko adierazpenak ez zekarren halako aipurik —artean itxaropenik-edo bazelako?—.Badago beste mezu argi bat: ildoa kolektiboki onartzean, EPPK-k bide berriko preso oro babestuko du; «hori izan behar da funtzionamendu berriaren izpiritua».

Baina dena ez da barrurako mezua. Uste du «ezinbestekoa» izango dela euskal gizartearen inplikazioa —egon daitekeela uste duelako ere eman al du pausoa EPPK-ko zuzendaritzak?—. Horri guztiari norabide politikoa emateko: urrats berriarekin Euskal Herriko prozesu independentista elikatu nahiko luke kolektiboak.

Txostenak ez dakar gogoetaren amaieraren datarik. Hilabete batzuk joango dira. Ildo berri hori onartuz gero, esandakoa egiteko tenorea helduko zaie EPPK-koei.

Esan eta egin. Horretarako, engaiamendua. Ipar Euskal Herrian ari dira. Mugarri izan zen Baionako adierazpena —2014ko urria—, eta Berhokoirigoinek-eta joan den urrian ETAri helarazitako gutunean bazekarten aipamena. Pauso bat emanez, «bake prozesuaren blokeoa» gainditzeko azaroan ETAri proposatu zioten «armategiaren suntsiketa gizarte zibilaren ardura politikoaren esku uzteko». ETAk onartu egin zuen eskaera —irizpide berria da—, eta horretara zihoazen haiek Luhuson. Eskutitzak argitaratuta, iritzi publikoaren aitzinean sinesgarri agertu dira bi parteak —EPPK-k ere txostena argitaratzeko hautua egin du; Sortuk ere bai estatutu berriekin, 2011n—. «Gure egiten dugu ETAren armagabetze zibila aitzina eramateko ardura», hitz eman zuten Luhusokoaren ondotik gizarte eragile askok, Baionan.

«Badator bide berria, badatoz lan berriak» ere bazioten. Zikloa ixteko presoen eta armagabetzearen auziek forma kolektibo, sozial eta iraunkor bat hartzen badute, bi estatuek arazo bat izango dute kontakizunarekin; hori dute kezka, Espainiakoak batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.