Lorea Flores.
Koronabirusa. INGURUMENA PENTSALDIAN

Zientziari kasu egin

2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Astearte honetan irratia piztu eta aditu nuen lehen gauza: Eusko Jaurlaritzak, automobilgintzarekin bildu ondoren, ibilgailuak erosteko Renove planerako laguntzak gehitzea erabaki du. Eta nik neure buruari galdetzen diot... Ez al dugu deus ikasi?

Osasun larrialdiaren adierazpenarekin, gobernuek neurri ausartak hartu behar izan zituzten pertsonen bizia babesteko helburu nagusiarekin, nahiz eta neurri horiek gure bizimodua goitik behera aldatu eta ondorio ekonomiko zein sozial nabariak ekarri. Bazirudien, lehen aldiz, bizitza erdian jartzen zela bertze interes ekonomiko batzuk bigarren mailan utziz.

Baina oraindik amaitu ez den osasun-larrialdiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egin behar diogunean, badirudi ahantzi egin zaizkigula krisi horretatik ateratako ikaskuntza guztiak. Alde horretatik, gogoratu behar da duela urtebete Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzan larrialdi klimatikoa deklaratu zuela, eta halaxe egin zuen Chivite presidenteak ere 2019aren amaieran Nafarroan. Hala ere, ez dute zerikusi handirik osasun krisi honetan aplikatu diren neurriek adierazpen horien ondotik hartutakoekin.

Orain, berriro ere, badirudi sektore batzuen interes ekonomikoak lehenesten hasi direla, bizi dugun krisi ekologiko eta sozialari aurre egiteko beharraren gainetik. Izan ere, aurreko zutabean aipatu nuen bezala, mugikortasuna da aurrean dugun erronka nagusietako bat. Eta, zalantzarik gabe, Renove plan horiekin ez goaz norabide egokian. Jakin behar dugu ezen, eredua aldatzen ez badugu, gutxi batzuen interes ekonomikoak lehenesten dituen egungo sistema kapitalista, gaur egun bizi duguna bezalako krisiak ugariagoak eta seguruenik kaltegarriagoak izango direla.

Zer gertatuko litzateke birusaren ordez ur-erreserbarik gabe utzi eta edateko ura eta elikagaiak izateko aukera mugatuko zuen lehorte handi bat izango bagenu? Zer ondorio izango lituzke horrelako krisi batek, zeinetan pertsona pribilegiatuenek ere ezingo genituzkeen ase gure oinarrizko beharrak? Egoera hipotetikoa da, baina gauzak aldatzen ez badira, benetakoa izan liteke.

Hori dela eta, klima-aldaketaren eta biodibertsitate-galeraren ondorio okerrenak saihesteko, erronka honi lehenbailehen heldu behar diogu. Bai bakarka, gure eguneroko jarduerek duten eraginaren jabe eginez, eta bai erakundeetan, administrazioek modu eredugarrian jardunez. Honi lotuta, euskal komunitate akademikoak, COVID19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde manifestuan, adierazi digu zein diren ildo horretan aurrera egiteko beharrezkoak diren gakoak. Kasu egin diezaiegun! Zientziak erakutsi behar digu bidea, eta herriaren indarra da beharrezko aldaketa sortzeko giltza. Garaia da guztion artean justizia soziala eta klimatikoa barne izanen dituen trantsizio bat martxan jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.