Gure bizitza jakinduriaz inguratuta dago, edo jakin-minez, hobeki esanda. Batzuetan gizaki arruntak zertarako ulertzen ez badu ere, adituak hor dabiltza gauza berriak aurkitu, ulertu nahian. Adibidez, inguruko zein planetatan aurki daitekeen bizitza, zientzialariek buruan daukaten arazoa da hori. Jakin, jakin, jakin... zer ongi!
Baina gure bizimoduak denbora ongi kudeatzera garamatza. Edozer gauzak arrakasta izan dezan, ongi laburtua, modu egokian azaldua izan behar du. Gizakiok ez dugu alferrik galtzeko astirik. Kataluniako Rovira i Virgili unibertsitatean zientzia modu erakargarrian azaltzeko bideo batzuk ikusi ditut. Hona hemen izenburua: Zientzia minutu batean.
Eta hori oso ongi dago, jendeak ez du denbora gehiegirik pasatu nahi zerbait ikusten, zientziaren ingurukoa baldin bada behintzat. Bat-batekotasunak agintzen du. Esaten den orok erakargarria izan behar du, ez txaparik sartu mesedez!
Gauza guztien erabilgarritasuna, praktikotasuna, defendatzen da orain. Baina askotan norbera zerbaiten erabilgarritasunaz ez bada ohartzen, ez du esan nahi ezertarako balio ez duenik.
Ziztu bizian aldatzen ari den mundu moderno honetan, ikasleak ez ditugu edukiz bete behar, horiek ere aldatuz joango baitira eta, gainera, guztion eskura daude Interneten. Garrantzitsuagoa da zeharkako gaitasunak jorratzea, arazo baten aurrean nola jokatu jakin dezaten. Azkenengo azterketen arabera, gaitasun horietan ere ez omen gara oso trebe.
Horrek edukiak alde batera eramatera edo baztertzera eraman gaitzake. Garrantzitsuena gauzek zertarako balio duten jakitea da, eta horretarako irakasleok gure irakasteko modua aldatu behar dugu.
Baina tresnak behar dira: ez badakit batuketak egiten, zaila izango zait dendariak ziria sartu ote didan jakitea. Gauzak ez dira ikasi behar ikasteagatik soilik, oinarri hori behar delako, ez, ez, ez!
Baina edozein alorretan aurrera egiteko, oinarrizko tresnak behar dira. Ikasle batek deribatu bat egiten jakin behar du. Ahal bada, jakin dezala zertarako balio duen, baina hala ez bada ere, tresna erabiltzen jakin behar du. Lehenago edo beranduago, tresna horren baliagarritasunaz konturatuko da.
ARGI ALDIAN
Zientzia labur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu