Marian Iriarte.
ARGI ALDIAN

Zientzia eta bestelakoak

2016ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Goizean hainbat alorretako zientzialarien arteko mahai-inguru batean egoteko aukera izan dut, eta bertan entzundakoak ekarri nahi nituen zutabe honetara. Baina, ondoren, eguerdian egunkaria irakurri eta homeopatiaren inguruan zetorren artikulu bat irakurtzeko aukera izan dut. Eta nire hasierako asmoak aldatu egin dira. Ez naiz berriro ere homeopatiaren alde edo aurka hasiko, leku askotan entzun ditugu bere aldekoak eta aurkakoak. Baina bai azalduko dudala osasuna bezalako hain gauza serioa izanda, esaten diren aldrebeskeriek nire onetik ateratzen nautela.

Ez du balio esateak «niri ongi joan zait». Perfekto!! Baina ur molekulek duten memoriaz baliatzea gehitxo litzateke. Are gehiago, beharbada hemendik urte batzuetara, egun ezagutzen ez dugun zerbait aurkituko dute eta homeopatiaren funtzionatzeko modua ulertu ahalko dugu. Baina gaur-gaurkoz fenomeno bitxi horri azalpen sasizientifikoak ematen saiatzea ez da onargarria. Gaur irakurri dudan horretan onartu dute edozein substantzia hainbat aldiz diluitu ondoren, norbanakoak bertatik tragoxka bat hartutakoan litekeena dela ura baino besterik ez edatea. Baina, hala ere, ur hori magikoa omen da. Eta zergatik? Gainontzeko substantziak desagertu ondoren, uhin elektromagnetikoak gelditzen direlako. Eta hori sinistu dezaket, baina zergatik ez sinistu, orduan, substantzia horren uhin elektromagnetikoez gain, uretatik pasatu diren hainbat eta hainbat substantzien uhin elektromagnetikoak egotea? Gure gorputzak erabakitzen al du zer uhin elektromagnetiko dituen gustuko eta zeintzuk ez?

Eta honekin lotuta beste erantzun bitxia aipatu nahi nuen. Homeopatiak zer gaitz mota sendatzen dituen galdetutakoan aipatzekoa da azaltzen diren gaitz gehienetan plazebo ukitua hor dagoela. Ez ditut gaitzak lehen eta bigarren mailako gaitz moduan sailkatuko, norberari min egiten diona beti baita lehen mailakoa. Baina bai homeopatiak sendatzen dituen askotan ohiko medikuntzak ere ez duela iturri edo arrazoi garbirik ere ikusten, eta askotan bere kabuz ere sendatzen direla.

Hau guztia esan eta gero, inork ez dezala uste ohiko medikuntzaren defendatzaile amorratua naizela. Ohiko medikuntzan ere hainbat arlo ez dira kontuan hartzen, gaitz guztiak ez dira sortzen erresonantzia batek erakutsi dezakeen orban baten ondorioz, eta askotan gaixoaren ondoan egotea, berak esandakoak entzutea, eta gaixoa bere osotasunean tratatzea oso garrantzitsua da. Ziur badirela gaitz batzuk gaur egun azalpenik ez dutenak eta hemendik urte batzuetara beste modu argiagoan azalduko direnak, baina edozein modutan zientzialaria naizen aldetik gertaera baten arrazoia zientifikoki azaldu nahi denean, metodo zientifikoari jarraitu behar zaio, ez du denak balio gustuko ez diren emaitzak azaltzeko. Beraz, substantzia bat uretan disolbatu eta ehun aldiz diluitu ondoren gaixoak edaten duena ura besterik ez dela esatea beharrezkoa da, eta gero gerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.