EAJ-PSEko foru gobernuen zerga erreformaren proposamenari osoko zuzenketa jarriko dio EH Bilduk, eta horrek argi islatzen du ezkerreko eta eskuineko alderdien ideologien arteko gatazka politikoaren zelai esanguratsuena direla zergak, bizkarrezurra. Gipuzkoan eta Araban gutxiengoan gobernatzen dute jeltzaleek eta sozialistek, eta oposizioko talderen baten babesa behar dute zerga erreforma aurrera atera eta EAEko hiru lurraldeetan harmonizazio fiskala bermatzeko. Aurrekontuetan, diru sail batzuk adostuz akordio zabalek akaso bidea topa dezakete, baina zergak ez dira aurrekontuak, ez dira horren modukoak. Hain zuzen, desberdinak diren proiektu politiko biren arteko talkak zerga sisteman hartzen du oihartzunik handiena, zerga sistemak adierazten baitu gobernu batek herrialdearen geroari nola ekin nahi dion. Aberastasuna banatzeko eta justizia soziala gauzatzeko tresna dira zergak, finean, eta, gaur egun, ziurgabetasun betearen aro honetan, azkar zahartzen ari den gizarteak izango dituen edo ez dituen zerbitzu publikoentzat baldintza nagusi bihurtu dira.
«Makillajeak» ez du balio fiskalitatean, koalizioak esan duenez. Ezker subiranista prest dago «sakoneko» zerga erreforma negoziatzeko, orain arte PPrekin adostu diren ereduak atzean uzteko. Dena den, zuzenketa partzialak ere aurkeztuko ditu EH Bilduk, «negoziazioari bidea zabaltzeko», eta prest dago osoko zuzenketa erretiratzeko «benetako negoziazioa» baldin badago. Koalizioak Nafarroako errenta zergaren eskala ezarri nahi du Hegoalde osoan, «progresiboagoa» delako, eta enpresa handiek «gutxieneko tasa erreal bat» paga dezatela sozietate zergan, kenkariak bridatuz. Batera edo bestera, ez dirudi aukera handirik dagoenik EH Bildu-EAJ-PSE akordio bat egiteko.