«Estatuak lapurretan egiten digu». «Erkidegoek lapurretan egiten digute». «Irabazten dugunaren %50 kentzen digute». Badira egun batzuk halako mantrak behin eta berriz errepikatzen ari direla. Goebbelsek argi zeukan: «Gezur bat mila bider errepikatu, eta egia bilakatu».
Zurrut bat egin diot kafeari. Pentsatzen ari naiz youtuberrak ez direla izan batere berritzaileak zerga gutxiago ordaintzearren Andorrara alde eginda; youtuberrek baino lehenago, halaxe egin zuten zenbait tenislarik, futbolarik eta dirudunek. Berrikuntza da youtuberrek zalaparta handiz egin dutela, eta mezu hori sare sozialetan barra-barra zabalduz gazteegia den publiko bati. Berehalaxe txaloka hasi zaizkie asko edukiagatik ere beti ahalik eta gutxiena ordaintzen saiatzen diren batzuk. Harrigarria bada ere, jende horrexek kritikatzen ditu premiarik handiena dutenei laguntzeko diren neurriak, hala nola bizitzeko gutxieneko diru sarrerak eta diru sarrerak bermatzeko errenta.
Kalera irten, eta korrika abiatu naiz autobusa hartzera. Goizero bezala, institutu publiko batera doazen ikasle batzuekin topo egin dut. Gaur, gaizki esaka ari dira zergak direla eta ez direla. Youtuben entzuna errepikatzen dute. Pentsatu ere egin dut haien elkarrizketan sartu eta esatea ez dela egia irabazten duenaren erdia «kentzen» zaiola inori; eta azaltzea tarte batzuetan ehuneko diferenteak ezartzen direla eta ez zaiola gehieneko ehunekorik ezartzen zenbateko osoari; eta erakustea Europako beste herrialde batzuetan zerga gehiago ordaintzen dituztela; eta ikusaraztea zergei esker kalitatezko zerbitzu publikoak ditugula; eta pentsatu dut elkartasunaz hitz egitea ere. Baina nire geltokira iritsi, eta jaitsi egin naiz, txintik ere esan gabe.
Ordenagailua piztu dut. Irakurtzen ari naiz jende asko dagoela oraindik aldi baterako enplegu erregulazioan. Eta iristen hasiak direla COVID-19aren kontrako txerto gehiago. Hizpide dituzte erretiroak eta langabezia sariak, bizitzeko gutxieneko diru sarrerak, eta azpiegiturak. Zein garrantzitsua den diru publikoa! Telefonoa joka ari da. Senitarteko batek gaixotasun oso larria gainditu omen du, ospitale publikoan jarri dioten tratamenduari esker.
Begiak itxi ditut.
Korrika irten naiz etxetik. Kalea diferente dago. Lehen ez zeuden zulo batzuk daude.
Berrogei minutuan egon naiz autobusaren zain, eta ezin dut ulertu zergatik iritsi den hain berandu eta hain beteta. Ikasleen taldekoak bi bakarrik datoz. Berriketan ari dira, beren lan prekarioaz. Handitzean, ikasketak ordaintzeko lain dutenean, ikasgelara itzuliko omen dira. Telefonoa joka ari da. Hilabete askotako oinaze handiaren eta agonia luzearen ostean, lagun bat hil omen da, etxean. Ez zeukan dirurik bere gaixotasunaren tratamendua ordaintzeko. Autobusa bueltaka hasi da, konpondu gabe zegoen aspaldiko zulo batengatik edo.
Begiak ireki ditut, artega. Irudikatzen aritu naiz nolakoa izango litzatekeen gure bizitza, deabrua baino okerragoak omen diren zerga horiek gabe. Ordenagailuan, Ibai Llanos youtuber bilbotarra ageri da hizketan: gehiago ordain dezala gehien daukanak. Oraindik ez dago dena galdua batik bat gazteenengan eragiten duen jende multzo honetan. Orduan, Juanma Lopez Iturriagari aditu diot: «Zuk zergak ordainduta lapurretan ari zaizkizula uste baduzu, kontuz zer duzun buruan». Eta pentsatu dut ez zaiola arrazoirik falta.