Jakinduria handia biltzen du esamolde labur horrek. Gure zaharrei maiz entzuna. Ze(r) behar, ze(r) premia. Hori da ekonomiak erantzuten duena: zein (ondasun eta zerbitzu) ekoizten den, norentzat eta nola. Benetan behar ditugun, gabe bizi gaitezkeen eta itxialdiak burura ekarri dizkigun galdera horiexekin.
2008 eta 2013ko krisietatik hona bi sektore izan dira gurean enplegu sortzaile handi samarrak: autogintza (edo zabalago, garraiogintza) eta zerbitzuak, batik bat turismoa. Hain justu, COVID-19ak gehien kaltetu dituenetako bi. Pare-parean jo gaitu, beraz. Autogintza diogunean, kontuak atera autoak saltzen eta konpontzen ekoizpenean beste jende edo gehiago enplegatzen dela. Eta gure mugikortasunaren oinarri-oinarrian dugula. Turismoa, berriz, aberatsen aisiaren ikurra da. Luxu zena, orokortua.
Bi sektoreok birpentsatu beharra legoke, baita erregai fosiletan oso oinarrituak direlako ere. Larrialdi klimatikoan zinez sinisten badugu eta permafrosta urtu izana axola bazaigu bederen. Baina, noski, geure enplegu guztien laurdena birpentsatzea lekarke horrek, gutxi-asko. Eta klimarenak, larria izan arren, ez digu berehalako itolarririk eragin (oraingoz). Eguraldia bezala, galdera beti airean: ze nezesidade...
Bada, epe laburrean bi sektoreotan normalitatera ziztuan itzultzeko asmoa nagusituko dela dirudi. Lehengora, alegia. Maskara eta guzti bada ere, datozela turistak samaldaka eta finantza ditzagun elektrikoak ez diren autoak ere. Ez gara orain hasiko bizikleta eta garraio elektrikoak, edota bidegorriak serio pentsatzen, hamar lagunetik bi aldi baterako lan-erregulazio dosierrean dugunean. Eta hortik, Ibaizabalpeko errepide bat gehiago.
Bestetik, bi sektore ikusten dira birusa gurean dagoen artean atzeraezineko kalteak jasoko dituztenak. Ostalaritza (kuantatiboki eta, turismoarekin loturan, garrantzia duena) eta kultura, kualitatiboki pisu handikoa. Birusarenak ostalaritzari ezarritako ekoizpen ahalmena murriztu dio: bi metroko tartea utzi beharrarekin, lehengo espazio berean ezin da inola ere lehen beste saldu. Praktikan, jantoki eta barrak txikitu zaizkie, kale giroa gutxitu eta lehengora ezin iritsi geldituko dira normalitate berrian. Eskaintzaren aldetik shock edo talka dago hor. Aparte, eskariarena: turismo gutxiago eta langabezia handiagoagatik pairatuko duena. Espazio publikoaren erabilera erraztuta ere —eta autoei nola oparitua diegun ikusita, ez nuke hain txarto ikusiko—, gorriak ikus ditzakete, neguan batez ere.
Kulturaren kasuan, esportazioan baino barne kontsumoan zentratuagoa dugu sektorea. Kultura geu gara, eskaria geu gara. Sektorea nahikoa prekarizatua bazen, eskaintza eta eskari shock biak heldu zaizkio. Ezer onik ezin espero, doakotasunaren eta Interneten harrak lehendik zituen sagarrean.
Eseri eta ditugun premiez hausnartzeko garaia joan zaigu. Orain, kontsumo erabakiena dugu: tragoak eta oporrak non, zein musika edo libururekin, eta bertara zein garraiorekin helduta. Politika publikoen nondik norakoak, Renove planetik kulturaren zozketara... suma daitezke. Gure esku.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN
Ze(r) nezesidade
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu