Felix Zubia.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Zer gehiago egin genezake?

2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Pandemiaren zenbakiak asko jaitsi diren arren, gure artean kasuak gorantza hasi dira, eta ospitaleratzeak ere bai. Neurriak asko lasaitu diren uneotan, zer egin genezakeen pentsatu beharko genuke, bai osasun erakundeen aldetik, bai norbanako gisa ere.

Txertaketa ahalik eta gehien zabaltzen saiatu beharko genuke, ezezkoa eman dutenak konbentzituz. Txertaketak birusaren transmisioa %60 murrizten du, erabat mozten ez duen arren, eta hortik etorri da daukagun intzidentzia baxuagoa. Bakoitzaren txertaketak ingurukoak babesten ditu, %100ean izan ez arren. Era berean, txertoak kasuak larritzea eragozten du pertsonen %90engan; %70ean 70 urtetik gora edo immunitate arazoak dituzten pertsonetan. Horrek norberarentzat babesa eskaintzen du, eta ospitaleratzeak eta heriotzak murrizten ditu. Gure zainketa intentsiboen unitatean uztailetik hona ospitaleratu ditugun pazienteen bi heren txertatu gabeak dira.

Kasuak murriztu diren honetan, kasu bakoitzaren atzeranzko ikerketa egitea komeni da, sorburuak bilatu eta isolatzeko. Eta, horrekin batera, transmisioa non gertatzen den ikertu beharko litzateke. Badakigu espazio itxietan arriskua askoz ere handiagoa dela (40 aldiz handiagoa), baina benetan aztertu beharko genuke zer gertatzen den espazio bakoitzean, garraio publikoan, eskoletan, lantokietan edo kiroldegietan, esaterako.

Aireztapen egokia prebentzio neurri oso garrantzitsua da, behar bezala zabaldu ez dena. Espazio itxiak ondo aireztatu behar ditugu, leihoak eta ateak zabalduz. CO2 neurgailuak aparatu merkeak dira, eta gela batean dugun aireztapenaren berri eman dezakete, eta kutsatzeko arriskua dagoen ala ez adierazi.

Gizentasuna arrisku faktore moduan hartu eta landu beharko genuke. Obesitatea duten pertsonen bilakaera askoz ere okerragoa da, eta sedentarioak direnena ere bai. Elikadura osasuntsua eta ariketa fisikoa egiteko ohitura bultzatu behar dira; koronabirusari aurka egiten lagunduko digute, eta baita bestelako gaixotasunei aurre egiten ere.

Gizarte ezberdintasunek duten eragina ikertu eta landu beharko genuke. Ikerketa askok adierazten dute etorkinengan gaitzaren intzidentzia altuagoa dela, eta dagokien baino kasu larriagoak izaten dituztela. Euren egoera ekonomikoak, elikadurak, etxebizitzak edo lan egoerak eragin dezake horretan. Eta indar berezia jarri beharko genuke etorkinen txertaketan. Ikusi ditugun hainbat kasutan, euren egoera administratibo irregularra dela-eta, beldurtu egin dira, eta ez dira txertatu.

Amaitzeko, ezin dugu ahaztu pandemia mundu mailako gertaera dela. Mundu mailako txertaketa kanpaina zabal bat behar dugu, herrialde pobreenetan gaixo kopurua murriztu dadin. Horrela, euren osasuna zainduko dugu, eta geurea babestu, aldaera berri arriskutsurik sortu ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.