Jendea haserre zegoen Nafarroan 2015ean. Zinez koleratua. Sutan. Sumindura betiko kezketarik haratago zihoan, gainera. Ez zen bakarrik ez zela ia-ia haur-eskolarik euskaraz Iruñean, dena zela oztopo ETBren seinalea jasotzeko edo gobernuak euskara sistematikoki gutiesten eta baztertzen zuela. Ez ziren bakarrik betikoen betiko kexak: hantxe zen dieten eskandalua edota Nafarroako Kutxaren desagerpena. Aldaketa premiazkoa zen ideia airean zebilen, eta, horrekin batera, aldaketa hori ekartzekotan, PSNk ez bertze alderdi batzuek ekarriko luketela, sozialisten itxurazko oposizioa erregimenaren parte zela.
Alta bada, giro eferbeszente hartan ere, doi-doi atera zen UPN kanporatzeko behar zen boto kopurua. Lau alderdik ados paratu behar izan zuten aldaketa —handia ala txikia— ekarriko zuen gobernu bat osatzeko eta, egia aitortzeko, Ciudadanosek UPNri ebatsi zizkion botoengatik izan ez balitz, beharbada lau urtez luzatuko zuten navarristek beren agintaldia. Beraz, erregionalisten kontrako haserrea borborka zegoen unean aldaketa txiripaz atera bazen aitzinat, zer espero zitekeen orain, sumindura apaldurik?
Nafarroako soziologia den bezalakoa da. Jakin nahi nuke, 2015ean Geroa Bairi edo Ahal Dugu-ri botoa eman ziotenetarik, zenbatek eman zioten maileguan, PSN edo UPN zigortu nahian egindako akatsez gogoeta egin zezaten eta lau urteren buruan indarberriturik agintera buelta zitezen. Izan ere, lau urte hauetan maiz sentsazioa izan dut Nafarroako Gobernua hautesle horiei begira ari zela zenbait arlotan, beldurka bezala, hautesle horiek ez izitu eta ez uxatu nahian, egiten zuena gutariko batzuondako gutiegi zen bezala, bertze horiendako gehiegi izanen ote zen beldur. Emaitza ikusita, prezio berean ausartago jokatzea bazuen gobernuak zenbait kontutan, hala PAIren aferan nola enplegu publikoaren eskaintzan (nota bene: errazagoa da zutabe hau idaztea gobernatzea baino; gobernuak erabaki ausartagoak hartu izan balitu, beharbada arrisku sobera hartu izana kritikatzen ibiliko nintzen, batek daki).
Foru hauteskundeak Espainiako hauteskundeen ondotik egin izanak ez die aldaketaren aldeko indarrei onik ekarri, PSNk bildu baititu Pedro Sanchezen arrakastaren fruituak. Hein handi batean, navarrismo lotsatua da nafar sozialisten ideologia: keinu anitz konpartitzen dituzte UPNrekin, baina ezin dute deblauki aitortu erregimenaren zutabe ezinbertzekoa direla. Nolanahi ere, parlamentuko eta Iruñeko udaleko emaitzak ikusita, UPNrekin paktatu bertze aterabiderik ez zutela justifikatuko duen narrazioa atontzea da orain duten zailtasun nagusia. Denbora kontua da.
Espainiakoak bezala, Nafarroako Ahal Dugu-k bere ikuskizun ez bereziki hezigarria eman digu. Kasta zigortzera etorriak zirenak jauregiko konspirazioen drama batean murgildu ziren, eta horrek ez die orain mesederik batere egin. Dramako atal batzuk non eta Diario de Navarra-n azaldu izana ere ez zen ideia bikaina izan.
Bitartean, Espainian ez ezik Europan ere muturreko eskuinaren alde haizeak harrotu duen olatuan surfeatu du PPNk, Ciudadanosek eta UPNk osaturiko koalizioak. Ez dut uste Nafarroako Gobernuak gaizki egin duenik, ezta Iruñeko Udalak ere. Ez, behinik behin, lehenagoko gobernuek baino makurrago. Izan ere, ongi eutsi diote bai EH Bilduk bai Geroa Baik Parlamentuan, eta hark gora egin du Iruñeko udalean. Baina, nonbait, gerta litekeenak —euskara inposatuko digute, gure ume ttikiei zoofilia zer den azalduko diete eskoletan, Euskadira anexionatuko gaituzte— pisu handiagoa du gertatu edo gertatzen ari denak baino. Zenbaitek urteak eta urteak eman dituzte izu horiek ereiten.
Ahal Dugu-ren jaitsierarekin parlamentuan eta, eman duten ikuskizun penagarria eman ondotik, alderdi txikien desagerpenarekin Iruñeko Udalean, indarren polarizaziorako joera nabaria da. Eta hori ez da ona. Auzia UPN vs abertzaletasuna izan den aldiro, abertzaleak atera baitira galtzaile. Komeni da, beraz, Ahal Dugu edota Ezkerra lehenbailehen beren onera etor daitezen, bakarrik alderdi horiekin —edo antzeko bertze batzuekin— izanen baita posible UPNrekin eta PSNrekin ados ez dagoen gizartearen pluraltasuna biltzea. Bertzenaz, luzerako dugu UPSN.
Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena. IRITZIA
Zer espero zitekeen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu