Sakabanaketaren atzean zenbakiak daude, diseinu politikoak daude, pertsonak daude eta gerra-estrategian jokatu duten alderdiak daude.
Euskal Herriko presoak geografian hedatzea propio diseinatu zen plana da, eta oraindik mantentzen bada, ez da iraganeko estrategia delako, baizik eta etekinak eman ditzakeelako etorkizunerako.
Has gaitezen hasieratik.
Zer dago sakabanaketaren atzean? Datuei dagokiela, istripu bat dago 36 eguneko. Astero 352.329 kilometro daude, munduari 8,8 buelta emateko beste. 1.000tik gora pertsona errepideetan. 1.000 euroko gastua hilabete bakoitzean. 16 hildako in itinere. Ordu erdia bidean egin beharra, bisita-minutu bakoitzeko.
Zer dago sakabanaketaren atzean? Sorrerari dagokiola, ZEN planaren koska bat gehiago da sakabanaketa. 1983an PSOEko Jose Barrionuevok ZEN (Zona Especial Norte) plana jarri zuen martxan «kontraterrorismoa» sortzeko (ikus bedi sarkasmoa). Neurri polizial bereziak ezarri ziren eta eskubideen suntsitze sistematikoa hasi zen. 1988an lubaki politikoa eraiki zuten EAJko Ardanzak eta bere planak (oraindik ere indarrean dagoena). Eta hurrengo urtean, 1989an, frente judizialari zabaldu zion atea ZEN planak. Presoak Herreratik eta Alcala-Mecotik atera zituzten eta 73 kartzela ezberdinetara eraman zituzten. Egun %86,6 daude 400-1.100 kilometrora, eta bakarrik %13,39 dago 190-400 kilometrora. Sakabanaketak indarrean dirau, ZEN planaren helburua (Euskal Herriaren matxinada akabatzea) ez dutelako burutu.
Zer dago sakabanaketaren atzean? Kontakizunaren gidoiari dagokiola, sakabanaketa da gobernuak kontaketan sartu nahi duen argumentua, istorio honetako garailea dela irudikatzeko. Iraganeko pasarte ezkutu eta isilenak apurka-apurka argitara ateratzen ari diren garaian (bide bazterreko hilotzak, torturatuen testigantzak) gobernuak eusten dio daukan euskarri bakarrari: gerra prisioneroak zazpi giltzapean gorde, gerra amaitu ez delakoan. Sakabanaketa da izkiriatu nahi den fikzio-libretoaren partea, kontaketa faltsutuaren kapitulua. Sakabanaketa, beraz, ez da iraganeko hondarra, geroko kontakizunaren ardatza baizik.
Amaitzeko, zer dago sakabanaketaren atzean? EAJ ahula eta gezurteroa dago, erabakian eduki zuen partaidetza ukatu nahi duena. Ez dut esango ezker abertzaleak beti egoki jokatu duenik, baina horrek ez dio ardura izpirik kentzen EAJri eta bere Jaurlaritzari: milaka abertzaleren berezko adierazpen naturala kamustu nahian ari dira eta. Lotsa eman beharko lieke eragozpenak jartzea presoen senide, adiskide eta hurbilekoei, milaka eta milaka EAJko boto-emaileak baitira.
Manifestazioa Bilbon. 'Now Euskal Herrira'. IRITZIA
Zer dago sakabanaketaren atzean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu