Maitane Nerekan Umaran.
PENTSALDIAN

Zer da ikastea?

2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Hona hemen gaurko azterketarako galdera: zer da ikastea? Zuen erantzunak konpetentzien araberako sisteman ebaluatuak izango dira, Europako modako tendentziei jarraituz: ekin lanari! Iñigo Martinez Peña Filosofia irakasleak, kaleratu berri duen Mandamentu Hipermodernoak liburuan, erantzun posible bat aurkeztu du: ikastea ez da zerbaiten errepikapena, ezta teknika edo metodo bat ere. Ikasteko, jakintzarekiko maitasuna ezinbestekoa da, eta ezin da aldez aurretik kalkulatu zerk harrapatuko gaituen: irakaslearen ahotsa izan daiteke?, haren testigantza?, esandako edo irakurritako zerbaitek gugan eragindako oihartzuna? Gaiarekiko harremanak erotikoa izan behar du, bestela hilda dago. Beraz, batzuetan, ikasi ikasten da, baina ez dakigu oso ondo zelan.

Hezkuntza pentsaldian omen dabil Euskal Herrian, eta ez dira falta hurbilpen erotiko batetik heldu beharreko gaiak: haur eta gazte kultura hezkuntzan txertatzea, segregazioak, kultur transmisioa, zaintzaren pedagogia, erronka ekologikoen aurreko hezkuntza, publikotasun ereduak... Porno gogorra! Ertzasko ditu eztabaidak, are gehiago, hezkuntza bizi osorako prozesua dela uste dugunontzat. Hausnarketa kolektiboaerotikaz jantzi behar dugu,gizartearentzat (denok baikara hezkuntza-komunitate)erronka erakargarria izan dadin, maitemindu gaitezen ikasgaiarekin.

Gai honetan ere lubakiak baditugu; dikotomia absurdoak batzuk, sakoneko desadostasunen ondorio besteak. Zer desikasi behar dugu euskal hezkuntzaren gaineko eztabaida esanguratsua eta emankorra izan dadin? Hasteko, eztabaidak gehiegi sinplifikatzeko eta, ondorioz, dena dikotomizatzeko tendentzia ekidin behar dugu. Zurien eta beltzen arteko gama kromatikoa sartu behar da gure paletan, pausoak eman nahi baditugu behintzat. Bestalde, eztabaida, ideien konfrontazioa denez gero, beti aberasgarria dela barneratu behar dugu (eztabaidaren plazera bilatu, gozamenean betiko galdu gabe); baina, benetako elkarrizketa egon dadin, norberaren posizioa zalantzan jartzea ezinbestekoa da. Hezkuntzaren inguruko eztabaidaren ardura denok dugu, herriko okinetik hasita, guraso izan ala ez, azken artistara arte. Ardura politikoetan daudenak prozesuaren erraztaileak besterik ez dira izan behar; sakoneko aldaketak nahi baditugu Herri-hausnarketa erraldoia izan behar du. Bestela, inork irakurtzen ez dituen Curriculum dekretuak, legeak eta bestelako testu ulertezinak sortuko dituzte, baina betiko gabeziek gure ikastetxe eta kaleen paradisu izaten jarraituko dute eta kritika suntsitzaile sistematikoek irakasle geletan, okindegian eta gurasoen whatsapp taldeetan jarraituko dute.

Txoko honetatik, hausnarketa kolektibo horretarako pizgarriak, kitzikagarriak jaurtikitzea da asmoa. Horretarako gonbidatu omen naute jai honetara eta, dantzatzeko aukera zegoela jakinda, gustura onartu dut gonbidapena. Beldurrez ere, distantzia sozialak hainbeste urrundu ostean, jende artean dantzatzeak morbo bezainbeste beldur ematen didalako. Ea lortzen dugun. Amaitu aurretik, ez ahaztu gaurko azterketa galdera: zuretzat, zer da ikastea?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.