Ainhoa Larrañaga.
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Zer aldatu(ko) da lau urtean?

2015eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainaren erdian, datozen lau urteetarako ordezkari politikoak hautatzera goazen honetan, Euskal Herriko etorkizuna eraikitzeko muga nagusia gogoraraztea pentsatu dut: Estatu propiorik eza. Hirutan zatitzen gaituen banaketa administratiboak biziraupenean sorrarazten digun galga, hain zuzen ere. Udal eta foru administrazioetan kudeaketarako aukera mugatua da, eta bi estatuek onartzen dizkiguten apurrak kudeatzea beste aukerarik ez dugu; Estatuetatik datorkigun legediaren barnean eta haietatik jasotzen ditugun diru baliabideen barruan aritu beharra daukagu. Deigarria da alderdi abertzaleek kanpainan hori ez azpimarratzea eta etorkizuna eraikitzeko sortzen dien menpekotasun eta morrontza ez deitoratzea.

Ingurumari orokor honetan, ustelkeriak erasan du bereziki herritarron konfiantza. Zerga iruzurra eta ustelkeria, boteredunen tentazio saihetsezin bilakatzen dira herriaren kaltetan. Kudeaketan eskarmentua saltzen digun alderdi politikoak —paradoxa badirudi ere— eskarmentuaren itzalpean, auzi ilun eta onartezinak daudela agerian jarri digu enegarrenez (Bidegi, Kutxabank..). Egoera honen aurrean, ezinbestekoa da gardentasuna eta kontrol publikoa zorroztea, herritarren konfiantza berreskuratu eta klase politikoak sinesgarritasuna irabaz dezan (nork, ordea, eurak badira lan hori egin behar luketenak?).

Hitzak ekintzatan gauzatzea (koherentzia) da, bozaren truke eskatu beharreko gutxienekoa. Tamalez, ohituegi gaude betetzen ez diren mezuak entzuten, eta lau urteren buruan erantzukizunik eta ondoriorik ez eskatzen. Horrek areagotu egiten du herritarron frustrazioa eta politikarien utzikeria. Koherentzia horrek berez ekarri beharko lituzke desobedientzia eta konfrontazioa, eta, ondorioz, eredugarri diren ekintza politikoak burutzea.

Euskal Herriko lurralde kohesioa eta euskal identitatea gordetzeak, gauden egoera prekarioan, keinu ausartak egitea eskatzen dizkie alderdi abertzaleei. Esaterako, espainiar bandera erakunde ofizialetan ez jartzea, Gipuzkoa, Araba, Bizkai, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoaren arteko komunikazio sareak indartzea edo beste zenbait adibide sinple.

Demokrazian sakontzea eta gizarte politikak mantendu eta garatzea aldarrikatzen duten alderdi «berriekin», alderatu nahi badute «aurrerakoi» eta «abertzale» diren alderdi tradizionalek, euren bereizgarriak indartu beharra daukate, identitate ikurrak lausotu eta erlatibizatu beharrean. Bereizgarritasun horrek, koherentzia ausarta eskatzen du, nahi eta nahiez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.