Felix Zubia.
OSASUNA PENTSALDIAN

Zenbakiak eta zenbakiak

2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Gure inguruan koronabirus kasuak jaisten ari direla ikusirik, eta Euskal Autonomia Erkidegoan intzidentzia tasa 100.000 biztanleko eta 15 egunean 300 kasutik behera egonda, izan dira aste honetan ere lerroburu eta notizia aho-beroak hainbat komunikabidetan. Dena zenbakiz janzteko joera ere ekarri digunez pandemia honek, nik ere neure zenbakiak aurkeztu nahi nituzke.

4.812, Hego Euskal Herrian koronabirusagatik hildakoak. Eskoriatza, Ibarra, Berriz, Plentzia, Agurain, Senpere edo Zangozako herritar guztiak kolpetik hiltzea litzateke, adibidez, neurria.

400 kasu baino gehiago izan ditugu Donostialdea ESIko gure Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Oraindik ere pandemia ukatzen duenik ba al da?

100.000 biztanleko 300 kasuko intzidentzia onartuko bagenu, hamabost egunean, eguneko 600 kasu onartuko genituzke Hego Euskal Herrian. %1eko hilkortasun baikorra onartuz, eta kasuen beste %1a Zainketa Intentsiboen Unitatera joan beharrean egongo litzatekeela pentsatuz, sei pertsona sartuko lirateke egunero ZIUetan, eta sei pertsona hilko lirateke. Onargarria al da? Europako Gaixotasun Kutsakorren Kontrolerako Erakundeak (ECDC) tasa onargarria 50 kasutan jarria dauka, 100.000 biztanle eta hamabost eguneko, betiere (kontu izan, Iparraldean intzidentzia zazpi egunean neurtzen delako).

40 aldiz handiagoa da kutsatzeko arriskua espazio itxi batean bagaude, musukorik gabe, jende askorekin eta ozen edo oihuka hitz egiten badugu, espazio ireki batean musukoarekin bagaude baino. Bai, inork zalantzarik bazuen, aerosolen bidez eman litezke kutsatze asko. Eta denok dakigu non egoten garen jende askorekin eta musukorik gabe.

%94, Pfizer-en txertoak Israelen izan duen eraginkortasuna, gaixotasun sintomatikoa ekiditeko, bi dosi eman eta gero.

%94, berriz ere, Eskozian izan den ospitaleratzeen murrizketa, Astra Zeneca-ren txertoaren lehen dosia eman eta 4 astera.

0,0003%, erreakzio alergiko larri bat jasan dutenen ehunekoa, Pfizer eta Modernaren txertoak hartu eta gero.

Zortzi hilabete, gutxienez, koronabirusaren aurkako defentsek gure gorputzean duten iraupena, behin koronabirusa pasa eta gero. Gehiago aztertzeko modurik ez da izan, baina pentsatzekoa da luzeagoa ere izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.