Maite Asensio Lozano.
Emakumeen aurkako indarkeria. Hilketa Tolosan. Analisia

Zein bake?

2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Francoren garaian ez zegoen askatasunik, baina bakean bizi ginen». Maria San Gil PPko eledunak 2006ko udan esandako hitz haiek eskandalua eragin zuten, azaldu beharrik ez dagoen arrazoiengatik. Argudio gehiago eman behar izaten dute emakumeek, ordea, Euskal Herrian zabaldutako aro berrian hainbeste aipatzen den bakearen ideiatik kanpo sentitzen direla adierazten dutenean. ETAren jardun armatua desagertuta, badirudi ez dagoela indarkeriarik gurean, baina urtero 5.000 andrek tratu txarrak salatzen dituzten herri batean bakeaz hitz egiteak zer pentsatua eman beharko luke.

Emakumeentzat ez baitago bakerik. 2011n bost andre hil ziren bikotekideen edo bikotekide ohien eskuetan, eta 2010ean zazpi. Aurten lehena izan da Caridad Angeles Rodriguez Arrieta, baina hedabideetan egunero jasotzen dugu genero indarkeriagatiko atxiloketen berri; Euskal Herrian, iaz, eguneko ia hamazazpi salaketa jarri zituzten. Horrelako datuak normaltzat dituen herri batek ezin esango du bakean bizi dela, edo bakerantz doala.

Baina esaten da, ikuspegi androzentrikoa agerian utzita. Mundua gizonen nahien eta interesen arabera baitabil biraka. Ondo azaldu zuen igandean Jone Miren Hernandez EHUko antropologoak, kazeta honetan argitaratutako iritzi artikuluan, Johanna Sigurdardottir Islandiako lehen ministroak krisi ekonomikoaz esandakoa baliatuta: «Porrota baino lehen, finantza eremuak muga guztiak gainditu zituen, arrisku izugarriak hartu ziren, harrokeria nonnahi aurki zitekeen [...]. Maskulinitatearekin loturiko estereotipo guztiak aurkitzen ziren bertan».

Hartara, bakea zer den ere sistema kapitalista, patriarkal eta androzentrikoak erabaki du. Bakearen definizio horretan, zilegi da lan eta gizarte eskubideak murriztea, zilegi da bankuak herritarren bizimoduaren jabe izatea. Eta zilegi da emakumeak mendean edukitzea.

Euskal Herrian ere bai. Andreen aurkako indarkeria egiturazkoa dela onartu arren, bakegintza deituriko hori gauzatzeko prozesuan ez da genero ikuspegirik ageri. Ez du inork txertatu, ez adierazpenetan, ez idatzietan, ezta asmoetan ere. Alegia, biztanleen %52k egiturazko indarkeria jasaten duten gizarte batean, ez da planteatu gizonen eta emakumeen arteko botere desorekak konpontzea bakerako giltza izan daitekeenik; desberdintasun ekonomiko, politiko eta sozial horiek zuzentzea ez da estrategikoa bakegintzan. Orduan, zein bake, noren bakea eta norentzako bakea ari gara eraikitzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.