Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Zaintzen jasangarritasuna ziurtatu

2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Asko dira gizarte zerbitzuen jasangarritasun ekonomikoa arazo handia dela pentsatzen duten hiritar edota agintari politikoak. Zahartze demografikoak eta pobreziaren igoerak handitu egin dituzte gizarte beharrak, behar horiei erantzuteko legeak onartu dira eta lege horiek betetzeak gure ogasun publikoek jasan ezin omen dituzten zamak ekarriko ditu. Horren aurrean, gizarte babesa arintzea proposatzen dute batzuek, oso behar handiak dituztenei mugatuz; besteentzat, familiak edo pertsonak berak hartu beharko luke zamaren ardura.

Zahartze demografikoa zerbitzu publikoen finantzaketarako oztopoa izango bada ere, ezin da esan, ordea, gizarte zerbitzuen jasangarritasun ekonomikoa konponbide gabeko arazoa denik.Alderantziz, badira jasangarritasun horri eusteko bideak, beste herrialde batzuen esperientziek erakusten diguten bezala.

Hego Euskal Herriko egoerara begira, alde batetik, kontuan hartu behar da, gehien hazi dena bada ere, gizarte zerbitzuetan gastatzen den dirua oso gutxi dela hezkuntzan, pentsioetan edo osasun zerbitzuetan gastatzen denarekin alderatuz. Eta datozen urteetan gastu hori bikoiztu egingo bada ere, Ongizate Estatuaren parterik txikiena izaten jarraituko du. Bigarrenik, kontuan hartu behar da zerbitzu hauetara dedikatzen diren aurrekontuak foru aldundien aurrekontu osoaren parterik handiena izatera heldu badira ere, ez dela hori gertatu udaletan edo Eusko Jaurlaritzan eta, gainera, orain dela 20 urte baino gutxiago gastatzen dugula zerbitzu hauetan adineko pertsonen kopuruaren hazkundea kontuan hartzen badugu: 2002an 4.200 euro gastatzen zituzten euskal erakundeek nagusientzako gizarte zerbitzuetan 80 urtetik gorako biztanle bakoitzeko, inflazioa kontutan hartuta; gaur 4.109 euro dira. Udalen kasuan, gastua erdira jaitsi da: 2002an ,mila euro 80 urtetik gorako biztanle bakoitzeko, eta gaur, apenas 500.

Gure inguruko herrialdeek hiru bideri jarraitzen diete gizarte zerbitzuen zaintzak finantzatzeko: Ingalaterran edo Estatu Batuetan, adibidez, arreta publikoa oso diru gutxi dutenei ematen zaie soilik. Eskandinaviar herrialdeetan, berriz, arreta beharra duen edonori ematen zaio, horretarako zerga altuak ezarriz (hiritar guztiei, ez bakarrik asko dutenei). Alemanian edo Frantzian, berriz, aseguramendu publikoa bultzatu da: Alemanian, adibidez, langileek eta enpresariek soldataren %3ko kotizazioa ordaintzen dute, hilero, mendekotasunaren sistema finantzatzeko eta, beharra duten garaian, zerbitzuak jaso ahal izateko. Hegoaldeko egoerara begira, ez bata ez bestea: Europako zerga txikienetakoak ordaintzen ditugu (gure udalak benetako paradisu fiskalak dira Europa naiz Espainiako beste lurraldeekin alderatuta) eta ez dugu kotizazio berezirik sortu nahi izan gizarte zerbitzuak ordaintzeko; baina, suediarren antzera, hiritar guztiei bermatu nahi diegu arreta zabala(eta garestia).Maiz esan den bezala, Suediako eskubideak eta Errumaniako zergak. Baina, hori ez da luzaroan posible; seguruena, laster jabetuko gara horretaz.

Demografiak ekonomian duen eragina aztertzen duten adituek argi uzten dute, gainera, Ongizate Estatua finantzatzeko behar den aberastasuna sortzeko (hau da, gizarte zerbitzuen jasangarritasuna zirtatzeko) berebiziko garrantzia duela haur eta gazteengan egiten den inbertsioak; seme-alabak dituzten familiei ematen zaizkien laguntzak, alegia, seme alaba horiek eduki eta hazteko. Horretan ere, ordea, besteen atzetik goaz eta inbertsio falta hori izango da, azkenean, gure gizarte zerbitzuen jasangarritasuna baldintzatuko duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.