Ikusmenak baino ikuspuntuak erabakitzen ei du ikusten duguna. Badakizue, botila erdi-huts edo erdi-betearen lezio morala. Horregatik, hortxe dabil gure burmuin kolektiboan, burrunba sor bezain setatian, COVID-19aren pandemiari zerbait ona ikusteko ahalegina. Zigorrean salbazioa bilatzeko joera katolikoa,DNAraino infiltratua. Halaxe iritsi dugu adostasun zabal xamar bat, zeinaren arabera, izurriak balio izan digun jabetzeko geure zaurgarritasunaz, besteen beharraz, elkar laguntzeko premiaz, komunitatearen onuraz... Edo sentipen eta ideia horiek guztiak izendatzaile komun batera ekarriz, zaintzaren garrantziaz eta ezinbestekotasunaz. Kontsentsu horren gailurrean aintzarako bide aldarrikatu dugu zaintza, Martxoaren 8aren harira erakunde behinenek erabilitako leloak froga. Ez baita alferrik zaintza oraindik—agidanez, gizonen eta emakumeen berdintasuna iritsi dugun lurralde eta garaiotan — erabat feminizatutako arloa, eremu publiko zein pribatuan. Hala berresten dute datuek.
Dena den, zaintza aintzagarrien artean kokatzea ez du pandemiak ekarri. Aitzitik, mugimendu feministaren ondarekoa da zaintzaren egiturazko garrantzia, munta ekonomiko eta soziopolitikoa, gizarteko agendan jartzea; are, justizia soziala eta bizimodu hobeak iristeko balio eraldatzaileen artean kokatzea. Urrutira joan gabe, makina bat bider aldarrikatu dut nik neuk zaintza erdigunean jartzeko premia, egun produktibotzat jotzen diren jardueren gainetik. Aho betez aldarrikatu ere.
Aho betez, baina mamiz huts, lelora murriztuta.Erabat ostenduta zaintzara emanak bizi izan diren gure amona-amen memoria: lanaren ordain zein kategoria ukatu zaien egiteko amaigabeen eguneroko sorgin-gurpila, norbere gogoak etengabe atzentzea... emakume egoki izatearen aintzatxoaren truke. Zaintzak, batez ere, gaixo eta zaharrenak, besteen premietara plegatze errutinarioa baitu berarekin, zeure burua besteei ematea... Hau da, gu geu izateko, hots, unean uneko bulkadei segitzeko, mandatupean jarri gaituen geure muin emozional neoliberalarekin talka konponezina.
Ziurrenera, horrexegatik jardun izan dut zaintzari buruz hain modu abstraktuan, neure burua barne biltzen duen zama horretatik salbu ikusi dudalako—edo ikusi nahi dudalako—.Ziur aski, horrexegatik entzun dut askorik aditu gabe zaintza lanetarako beste emakume batzuk hartzen dituzten inguruko emakumeen azalpen bateratua: «ondo eta duin» ordaintzen dutela. Inoiz ez dut galdetu ondo eta duin hori zenbat den, inork ez dit inoiz azaldu, inoiz ez kopuru eta baldintza zehatzez hitz egin. Inoiz ez dugu aztertu, esaterako, zaintzarako hartutako emakumearen jatorriak zenbateraino eragin digun ondo eta duin-aren kalkuluan, besteen konturako hamaika enplegutan gertatzen denari buruz hamaikatxotan zorrotz eta bero aritu garen arren. Segur aski, ez naiz lokazti horretan sartu neure burua irudikatu dudalako etorkizun ez oso urrunean ondo eta duin ordaintzen duten horien artean.
Halaber, oso modu lausoan pentsatu dut zaintzaren eremu publikoaz, esaterako, zaharrak—eta gizarteak ez-errentagarri jotako gainerakoak— bizirik mantentzeko eratutako instituzioen bizigarritasun zalantzagarriaz.Edota zaintzaz eta osasunaz arduratzen diren instituzioen sareko barne hierarkiaz: adibidez, nola harrotzen diren agintariak ZIUen eskaintza ugaritzen dutenean eta nola pizten dituzten alarmak unitate horiek betetzean —eta nola lasaitzen eta asaldatzen herritarrok erritmo berean—. Aldiz, zeinen merke ateratzen den lehen arretako osasun langileen sektore feminizatu hori beren lana artez egin ezinik edukitzea sekula beti, zaintzaren eta osasunaren ikuspegi oso batetik komunitatearen ongizatearen zutoin diren arren. Eta, ildo berean, zeinen gutxi larritu garen herritarrok hurbileneko medikuarekiko harremana telefono deira mugatzeko aukera betikotzekotan denean.
Badakit ausarkeriatik adina harrokeriatik duela norberenetik orokorrera salto egiteak, baina honetan batezbestekoan ikuste dut neure burua. Beraz, izurri garai honetako larrialdiko egiteko komunitariotzat daukat zaintzari buruz pentsatzea, lelo eta abstrakzio hutsaletan amiltzeke, xeheki eta zehatz, ispilu deserosoei izkin egin gabe, justizia sozialean eta ongizate komunitarioan oinarritutako praktikaz betez. Bestela, zaintza aintzarako bide gisa erromantizatzeaz batera zaintzaileak zamatuko ditugu berriro ere, betiereko sorgin-gurpilean, aintzatxo bat baten truke.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN
Zaintzaren aintza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu