Edurne Begiristain.
BOZ GORA

Zaintzak erdigunean

2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainari hasiera emateko ekitaldia. Arabako EH Bilduko ahaldungai Eva Lopez de Arroiabek sakelako telefonoa atera du poltsikotik, hitzaldia amaitzear duela. Eta horrela esan die bertaratutakoei: «Era ezberdin batean amaituko dut gaurkoa: sakelakoko mezu bat irakurriko dizuet, nire alabak gaur eguerdian bidali didan mezu bat. Asko hunkitu nau, eta negarrez hasi naiz kale erdian. Irakurriko dizuet, baliagarria delako zuentzat ere». Eta irakurri die alabak idatzitako mezua. Zorte ona opa dio amari kanpainan, eta beti alboan izango duela hitzeman dio, «urduri edo estresatuta» sentitzen bada. Muxuak eta besarkada bat bidali dizkio. Asko maite duela esan dio. «Mezu honek zuentzako ere balio du», esan die EH Bilduko zerrendaburuak hitzaldira bertaratutakoei. Elkar zaintzearen garrantziari keinu egin dio Arabako hautagaiak, eta zaintza lanak erdigunean jartzeko beharra nabarmendu du.

Osasun krisiak lehen lerroan jarri zituen zaintza lanak, eta agerian utzi betaurreko moreen premia handia dagoela politikan. Alderdi politiko gehientsuenek jaso dituzte politika feministak edo berdintasuna bermatzeko neurri sortak euren hauteskunde programetan, eta, horien artean, bereziki dira azpimarragarriak zaintza ereduari buruzkoak.

Lopez de Arroiabek zaintzari arreta jarri zion ostegunean, eta beste hautagai askok helduko diote gaiari kanpainan zehar. Jakitun baitaude premiazkoa dela eremu instituzionaletik jorratzea zaintza ereduaren arazoa. Jakitun baitaude tokiko erakundeen esku ere badagoela pandemiak azaleratutako krisia konponbidean jartzea. Jakitun baitaude bozetatik sortzen diren udal gobernuek itsasargi moduan ezarri beharko lituzketela zaintzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.