Gurutze Ezkurdia Arteaga.
Eusko Lebebiltzarrerako hauteskundeak. IRITZIA

XX. mendeko eskolatik XXI. mendeko hezkuntzara

2016ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Gizarte modernoaren ezaugarria da Hezkuntza eta Osasun Sistema sendoa eta ondo antolatua izatea. Hauteskunde garai honetan hausnarketa egiteko aukera ona dugu. Euskal Herriko hezkuntza arloa legedi ezberdinen arabera arautua dugu, eta horrek ez dio mesederik egiten ez euskal hizkuntzari ezta euskal kulturaren erreprodukzioari ere, ez baitugu, beste estatu moderno batzuek duten moduan, modu sistematikorik gure kultura eta ezagutzak antolatzeko.

Alfabetatze unibertsala lortzeko derrigorrezko eskolaratzea antolatu zen XX. mende hasieran, besteak beste, erdara ikasteko.Estatuak eskola nazionalak antolatu zituen; Udalek, hirietako udal eskolak, eta Aldundiek, auzo eskolak. Mende amaieran, Trantsizio garaian, euskararen berreskurapena eta euskalduntze prozesua eskolaren ardurapean jartzea erabaki zen, eta horrek ekarri zuen XX. mendeko azken bi hamarkadetan, EAEn batez ere, euskararen irakaskuntza denontzat zabaltzea. Ondorioz, eta aparteko ahalegina egin ondoren, euskararen ezagutza orokortu egin dugu gazte belaunaldien artean. Horretarako eragin zuzena izan dute Autonomia mailan onartu ziren legeek, eta herri mugimenduen ondorioz antolatu ziren Ikastolen sareek eta Euskal Eskola Publikoaren aldeko mugimenduak; Euskal Curriculumaren aldarrikapena egin da, lurralde autonomiko eta iparraldeko eskoletan curriculumaren garapen desberdina lortuz, Hegoaldeko LOMCE legeari aurre egiteko Heziberri legea onartu da eta hemen aipatu ezin ditugun beste zenbait egintza egin dira. Asko egin dugu, hori ezin dugu ukatu. Baina ez da nahikoa, antza.

Egia dena da zatiketa administratiboak Euskal Herriko eskola eta ikastetxeetan curriculum desberdinak irakastea ahalbidetzen duela, curriculum estataletan oinarritua. Eta horrek dakarren ondorio zuzena da gure hizkuntza irakasten dugula, baina, hainbat ikerketak dioten bezala, ikasten den curriculumak ez duela gure kulturaren erreprodukzioa bermatzen. Euskaldunak bai, baina estatuetako edukietan heziak dira gure gazteak. Euskararen ezagutza zabaltzea lortu dugu, ez ordea erabilera.

Nondik gabiltza eta nora goaz?

Askorentzat ematen du gure topea lortu dugula. Euskaldunduta dago sare osoa, aukera dugu euskaraz ikasteko EAE guztian. Nafarroan eta Iparraldean oraindik ez, baina ari dira bidea egiten. Kasu guztietan pertsonen gogoan eta aukeran oinarritutako sistema bati erantzunez. Pertsonen eskubidea dago kolektiboen eskubideen gainetik, eta, kulturen kasuetan, eskubideak kolektiboak ere badira.

Egoera ez da erraza, asmoen arabera ebatziko bada egoera. Hainbat pertsona dago Espainian gauden moduan jarraitzeko asmoarekin. Erosoena da. Batzuentzat, Autonomiari esker LOMCEri aurre egiteko legeak egiterik izan dugu, eta Espainiako hurrengo legea etorri arte irauterik izan dugula defendatzen dute. Beste multzo bat dago haratago begiratzen duena eta salto egitearen premia nabarmentzen duena. Kasu horretan, Europari edo herrialde garatuei begira jartzen gaituzte, etorkizun berri eta zabal bati begira, ez erraza baina bai ilusioz betea.

Egin dugun ibilbidea ahaztu barik, hobera egin behar dugu. Eskolaren antolaketa berria eta gurea behar dugu, euskalduna eta gure antolaketa administratibo propioan oinarritua. Puntako ezagutzetan eta metodologietan oinarritutako irakaskuntza antolatu behar dugu, Frantziako eta Espainiako estatuetako eskolatik haratago dagoen errealitate aurrerakoi eta dinamikoa sortuz, XXI. mendeko belaunaldiak behar bezala hezteko. Horretarako:

Hezkuntza Sistema propioa arautzen duen Lege orokorra osatu behar da, lurralde administratiboen gainetik gutxienekoak hitzartuz. Ezin dugu jarraitu Espainiako etengabeko lege aldaketen menpe; Europara eta herrialde garatuagoetara begiratu behar dugu, eta haiengandik ikasi.

Curriculum bakarra eraiki behar dugu, zeinetan, haurraren eskubideak oinarri hartuta, pertsona bakoitzaren gaitasunak landu behar diren, modu pertsonalizatuan, neurozientziak azken aldiotan irakasten digun bideari jarraikiz. Curriculumak sakonki landu behar ditu arlo zientifikoa, humanista eta teknologikoa, etikoa eta filosofikoa, baita eskulanen mundua ere. Eta dantza musikarekin uztartu, zergatik ez curriculumean? Metodologiak aldatu eta gaurkotu behar ditugu, ikaste-irakaste prozesuari iraulketa emanaz.

Euskara hizkuntza akademikotik euskara bizira: euskara curriculumaren ardatzean uztartu behar da. Baina euskara ez da bakarrik hizkuntza, unibertsoa baizik, eta horretan murgildu behar ditugu etorkizuneko herritarrak. Euskaldunak eta eleaniztunak izan behar dute etorkizuneko herritarrek.

Hori guztia lortzeko, irakasleen eta maisu-maistren heziketa prozesua aldatu beharra daukagu, hobetu, metodologietan eta curriculumean sakonduz.

Oraindik lanak baditugun arren, bidean goaz. Hala bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.