Ezagutzen ez zaituen jendeak ere hitz egiten du zutaz, eta hitz egiten dizu zuri. Halaxe jarduten dute idazle onek, adibidez. Ez dakigu Virginia Woolfek euskaldunik ezagutu ote zuen, baina segurua da emakume asko ezagutu zituela. Asko idatzi zigun haietaz, baina baita ezagutu ez zituen eta, are, sekula existitu ez diren emakume batzuez ere, hala nola William Shakespeareren arreba Judithez: nolakoa izango zen alegiazko Judith haren patua, anaiaren talentu bera izan balu? Woolfen irudipena da «XVI. mendean dohain handi batekin jaiotako edozein emakumek burua galdu, buruaz beste egin edo herritik kanpoko etxe bakarti batean bukatuko zituela bere egunak, erdi azti, erdi sorgin, beldurra piztuz eta denen iseken jomuga bihurtuta».
Urruti dago, ordea, XVI. mendea: gaur egun, unibertsitateak emakumez beteak daude; ospitaleak, emakumezko medikuz beteak; erredakzioak, emakumezko kazetariz beteak... baina munduaren txoko honi bakarrik begiratzen badiogu, noski; halaxe begiratzen dugu aspaldi, pentsamendu unibertsalistak ez baitaude boladan. Kolonialismoaren beste albo-kalte bat da, albo-kalterik paradoxikoena: besteen prozesuak errespetatu nahi ezinbestekoa ez ote zaigun indiferentzia bilakatu, emakumeen gutasun azaleratu berriaren kaltetan.
Gu argal horretan geratzen garenok tokitan dugu XVIII. mendea ere: «Neska gazte guztiak hamabost urterekin hiltzen zarete», idatzi zion Diderotek Sophie Volland-i, elkarri bidaltzen zizkioten gutun haietako batean. Ez dakigu zer erantzun zion Vollandek, galduak baitira haren eskutitzak; horra hor orain arteko emakume gehienen hitzen paraderoa: idatzita ere, begi-belarrietatik itzaltzen dira, betiko. Oraingo hemen hauetan, ez hil eta ez itzali, baina neska gehienek alde batera uzten dituzte kirolak haurtzarotik apartatu ahala, alde batera bertsoak plazarako jauzia hurbildu ahala, alde batera jendaurrean gorputz eta arima agertzea eskatzen duten jardun prestigiotsu gehienak, baina hori bai: libreki uzten dituzte, berek hala nahita. Ez da denentzat erraza onik eta batik bat osorik ateratzea gaur egungo haurtzaro erabat arrosatu eta printzesatuaren paradisutik. Haurtzaroa bera ere ez baita sexismorik gabeko arnasgune bat, baizik haurra bi estereotipoetatik batean edo bestean leziatzeko makina betegina. Diderot bezala, feministak aspaldi ohartu ziren: arima femeninoa, hots, feminitatea, emakumeak akabatzeko tresna da.
XXI. mendera iritsi gara, eta maskulinitate betierekoa lehengoan dago: hori ere emakumeak akabatzeko tresna da. Euskal Herrian, 102 emakume 2003az geroztik (eta 11 ume).
Amorrua eta pazientzia ditugu elkarren lagun eta elkarren kontrapisu: «pazientzia basa batek» ekarri gaitu honaino, pazientzia feministak, pazientzia iraultzaileak. Mendez mende, zapalkuntza-modu bakoitzak erresistentzia-modu bat eragin du. Egunkarietako gertaeren sailetatik gizarte-gaietara igaro gara, baina gizonen eta emakumeen arteko botere-harremanak ez dira kabitzen politika hutsezko orrietan: harreman horiek sistematikoegiak dira, sakonegiak, egiturazkoegiak.
Pertsonala politikoa da, baina, zorionez, politika ez da pertsonala, ezpada kolektiboa. Eta kolektiboan indartzen da norbanakoa, komunitatean: taldean defendatzen dira aldarrikapenak, eta taldean irabazten grebak (taldean eta, esan dezagun ostera, pazientzia feministaz: 237. eguna dute gaur Gipuzkoako zahar-etxe eta eguneko zentroetako grebalariek). Lorpenak kolektiboak dira beti. Gero eta gehiago dira feminitate inposatu horretatik ihes egiten duten desertoreak, norberak nahi bezalako emakumea izateko, ez baitago emakume izateari utzi beharrik feminitatetik askatzeko.
Askatasunaren kontzeptu biguna eta lizuna izango dugu, ordea, posibilitate konkreturik gabeko ezinbesteari hautu deitzen badiogu. Beti berak dira boterekeriaren mekanismoak, eta beti berak helburuak, zein ere den bestea: bigarren sexukoa, behe-klasekoa, hizkuntza txiki(tu)koa... Badakigu Shakespeareren garaiko emakume batentzat erabat ezinezkoa izango zela Shakespeareren antzezlanak idaztea, eta, orobat, Simone de Beauvoirren garaiko emakume bati ezinezkoa izango zitzaiola euskaraz idaztea Bigarren sexua, ez euskara estandarrik eta ez irakurle estandarrik zegoen garai batean. Gero eta hurbilago dugu, ordea, ezinezkoa zena.
M8: Euskara eta feminismoa. IRITZIA
Williamen arrebak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu