Imanol Murua Uria.
Sorturen estatutuek bost urte. IRITZIA

Uztaiaren beste aldea

2016ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Uztaiaren irudia behin baino gehiagotan erabili izan zuten ezker abertzalean bere garaian. Loiolako prozesuaren aroan, adibidez. Negoziazioetan, ezker abertzalea legezko alderdi bihur zedin presa handiagoa izan omen zuten Zapateroren gobernuaren ordezkariek Batasunak eta ETAk baino. Egigurenek kontatu izan du, Urrutikoetxeak eta berak hitzartutako bide orriaren arabera, Otegik-eta Sortu operazioa 2006an egin behar zutela, baina ezker abertzaleak berak egin zuela atzera. Garai hartan Batasuneko buruzagi bati entzuna da pauso hori emateko errezeloaren zergatia: lehoiak uztaia zeharkatzen duenean, txaloak ez dira lehoiarentzat izaten, zartailuaren laguntzaz pasarazi duenarentzat baizik.

Estrasburgoko epaia etorri zen gero, 2009ko ekainean, ezker abertzalearentzako mezu argiarekin: ez duzu legezko alderdirik izango, uztaia zeharkatzen ez duzun bitartean. Bukatu ziren helegiteak. Akabo zirrikituak. Estrategia politiko-militarraren hanketako batek herren egingo zuen, Europatik ere marraztutako arrasto estuan sartu ezean. Zutik Euskal Herria ebazpenaren azken lerroetan zetorren erantzuna, 2010eko otsailean: «Apustu politiko honetan aurrera egiteko […] eragile politiko legal baten beharra izango du [ezker abertzaleak]». Eta handik urtebetera etorri zen, bihar bost urte, mundu guztia aho zabalik utzi zuen ekitaldia: indarkeriaren erabilera —ETArena barne— arbuiatu egin zuen, inolako eufemismorik eta zeharbiderik gabe, ezker abertzalearen alderdi berriak.

2009 eta 2011 arteko transformazioaren mugarri nagusien artean dago 2011ko otsailekoa. Misioa bete izanaren sentsazioa zutela esanez atera ziren Lokarrikoak. «ETAren amaiera zuek sinatu duzue» esanez zoriondu zituen Egibarrek. «Bakearen lehen eguna» izan zela esan zuen Egigurenek. BERRIAko albisteari sua zerion: hirurogeitik gora irakurlek erantzun zioten webguneko informazioari lehen hamabi orduetan, gerri politikoz jokatu izana goraipatzeko, aldekoek, fraka jaistea deitoratzeko, kritikoek.

Sorturen aurkezpena une erabakigarria izan zen Euskal Herriko bi komunikazio talde indartsuenen eta Espainiako egunkari salduenaren ildoen bilakaerari dagokionez ere. Ez Altsasuko adierazpena, ez Iruñekoa, ez Argitzen txostena, ez Zutik Euskal Herria ebazpena, ez ETAren urtarrileko su-etena. Horiei guztiei buruzko informazioetan, azaleko izenburuetan, beti errezeloak agertu zituzten Vocento eta Noticias taldeetako egunkariek eta El País-ek. Iruinen eta Etxeberriaren hitz garden eta gordinen ondoren, aitzakiarik gabeko tituluak eta kontakizunak eman zituzten. Hiru adibide, lehen orrikoak hirurak ere: ETAren indarkeria arbuiatuz Batasunak bere burua «berrasmatu» zuela, El País; ezker abertzaleak «ETAren indarkeria guztia» arbuiatu zuela, «lehen aldiz historian», El Correo-k; ezker abertzale erradikalak eman beharreko pausoa eman zuela, «el paso», Deia-k. Urte askoan lehen aldiz, baina-rik ez ezker abertzalearen ekimen bati. Eta betaurreko berri horiei eutsi zieten, oro har, 2011ko urrira arte. Garrantzitsua izan zen hori ere.

Ia ahaztu ere egin zaigu, baina hala eta guztiz ere legez kanpo utzi zuen Sortu Espainiako Auzitegi Gorenak. Hazia, ordea, ereinda zegoen. Azkar etorri zen uzta. Txaloak, azkenean, lehoiarentzat izan ziren, ez hezitzailearentzat. Otsaileko jauzi garbiaren ondoren, maiatzean eta azaroan etorri ziren txalo zaparradak, eta ez txikiak. Handiegiak, agian. Azkarregi, igual. Rubalcabaren orduko galdera ezin esanguratsuagoa da: gerra irabazi ondoren, bakea irabazi behar ote digute? PPk beti esan du argi: azkarregi utzi genien joko zelaira itzultzen. Sabin Etxean ere aterako zituzten kontuak, Bilduren tsunamiaren tamaina ikusita. Presoen, desarmearen eta abarren auziek urteotan izan duten blokeoa azaltzen duten zergatien artean dago, noski, Sorturen estatutuekin hazia erein ondoren Bildurekin halako uzta hain azkar jaso izana ezker abertzaleak. Galdera, ozen, Rubalbacak bakarrik egin zuen, baina pentsatzekoa da hainbat bileratan ere galdera bera izango zutela airean hango eta hemengo estrategek: bakea irabazten utzi behar al diegu orain?

Bakea irabaztea baita kontua. Sortuk estatutu haiek aurkeztuz mahaian kolpe eraginkorra eman baino hilabete batzuk lehenago, uztaia zeharkatzeaz mintzatu zen Joxe Mari Olarra ere, espetxetik bidalitako iritzi artikuluaren bidez, Gara egunkarian, ezker abertzalea amore ematen ari zela zioten kideak konbentzitze aldera: «Eta uztaiaren beste aldean mekanismoak kontrolatzen dituen erresortea baldin badago? Eta uztaia zeharkatzen baldin badugu, hain zuzen ere, uztaiaz jabetzeko?».

Uztaia zeharkatzea, txaloak gorabehera, ez da nahikoa izan uztaiaz jabetzeko. 2011n gertu egon ziren, baina 2015ak erakutsi du txaloak txistu ere bihur daitezkeela, uztaiaren beste alde honetan mugitzen asmatzen ez bada, edo beste batzuek hobeto mugitzen asmatzen badute. Garai bertsuan Eugenio Etxebestek iradokitakoa baitzegoen, hain zuzen ere, beste aldean: konbentzitzea da bide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.