Ukaezina da azken mendean, eta bereziki azken hamarkadetan, aurrerapauso handiak eman ditugula genero berdintasunari dagokionez. Hori dela eta, egungo gazteen artean, beraien familietan edo irakasleen artean inkesta bat eginez gero ziur dakigu zein litzateke erantzuna. Alegia, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna dagoeneko lortu dela, frogatzeko Berdintasun legeak ere hor daude. Edonola, ez dugu gehiegi arakatu behar baieztapen hau errealitatetik oso urrun dagoela konturatzeko. Bizitzako arlo guztietan, lantokietan, hezkuntzan, pertsonalean… legeak existitu izanak ez du betetzen direnik esan nahi.
Hezitzaileak edo hiritarrak garen heinean adi egon behar dugu gai honekin, guk geuk hausnartzen jarraitu behar dugu, baita gure ikasleek, gure gazteek hausnartu dezaten sustatzen, ezinbestekoa baita gure gaztediak egunero eremu guztietan errepikatzen diren irudiak identifika ditzaten. Irudiak non emakumeak objektu gisa irudikatzen diren, non politikari, kazetari eta fededun gizonak, besteak beste, beldurrik gabe gutxiesten, iraintzen, eta egin beharrekoa azaltzen dieten heteronorma eta feminitate eredu hegemonikoetatik ateratzen diren emakumeei. Hemerotekari begiratu bat besterik ez zaio eman behar ikusteko CUPeko emakume politikariei botatako irainak edo Goya sarietan aktoreak diren emakumeei egindako galderak, non kalifikatzaile guztiak beren lanaren inguruan izan beharrean irudiari buruzkoak izan diren. Egungo jendarteak iraganeko mendeetako estereotipo berak transmititzen ditu, non emakumeen bizitzan nahitaez rol eta betebehar diren eginkizun batzuk aurreikusten diren.
Jendeak sinesten duen ustezko berdintasun hau salatzea ezinbestekoa da. Egun, berdintasuna lortu dela ezeztatzen duten datu ugari izan baditugu eta. Besteak beste, emakumeok zailtasun gehiago ditugu lan munduan sartzeko formakuntza sendoagoa izan arren, emakumeontzat zailagoa da zuzendaritza karguetara iristea (%10 besterik ez), gure soldatak baxuagoak dira gehienetan (%17 gutxiago estatu espainolean), gainera zaintza lanak emakumeok egiten ditugu nagusiki. Izan ere, bai umeen zaintzarako bai helduen zaintzarako jardunaldi murriztua hartzen dutenen %94 eta % 84 emakumeak dira. Beste aldetik, sarritan soilik gure irudiarengatik baloratzen gaituzte, zaintza eginkizunak betetzen ditugu, baita jendarteak gutxien baloratzen dituen beste zenbait eginkizun ere, komunikabideetan gure presentzia alde batera uzten da, gure bikote edo bikote ohiak erailtzen gaituzte eta, jendeak sinetsi ala ez, etabar luze batekin jarraitu genezake. Honek guztiak erabat desmuntatu egiten du desberdintasuna iraganako gauza bat dela.
Hori guztia dela eta, berdintasunaren ilusio faltsu hau arriskutsua da, jendartea inmobilizatzeaz gain errealitatea zuzena dela sinestarazten baitie belaunaldi berriei. Berdintasun egoeratik abiatzen garela pentsarazten die, amodio erromantikoa amodioren froga handiena dela, indarkeria matxista gutxi batzuk bakarrik pairatzen duten erasoa. Hortaz, gure helburuak ez lortzearen ondorio guztiak gure gain erortzen dira, pisu horrek norberaren auto-estiman dakarren ondorio guztiekin. Eta are okerrago, pentsamendu honek ez dagoela borrokatzen jarraitu beharrik sinestarazten die, ez baitago ezer egiteke.
Argi dago zenbait aurrerapauso berdintasun errealaren lorpenaren isla gisa ulertu direla. Besteak beste, emakumeak ikustea ohikoa ez zen zenbait esparruetan edo baztertuta zeuden horietan, agenda politikoetan berdintasunak lortu duen legitimizazioa, edo legedian eskubide berdintasunaren alde lortu diren aurrerapausoak, ala nola instituzioetako berdintasun plan eta batzordeak txertatzea. Edonola argi dago gertakari hauek ez direla berdintasun errealaren adierazle.
Bestalde, aipagarria da gizon askok baita zenbait emakumeek ere, feminismoaren inguruan duten ikuspegi distortsionatua, feminismoa matxismoaren aurkako kontzeptuarekin nahasten dutelarik. Hori horrela balitz, emakumea gizonezkoen gaineko balitzan kudeatuko genuke. Aldiz feminismoak, bere lehen urratsetatik, elkarren arteko berdintasunaren kontzeptua norbanako desberdintasunetatik haratago defendatu izan du. Feminismoa jendarte erdiaren askapena aldarrikatzen duen mugimendua da, tratu berdintasuna defendatzen duena pertsonaren esparru guztietan, eremu publiko zein pribatuetan.
Horregatik, hain zuzen ere, ezin dugu ahaztu azken mendetik gaur arte, egunero lanean aritu diren emakume feminista askori esker, lorpen ikaragarriak bizi ditugula gaur. Edonola, lorpen hauek ez dituzte soilik emakumeen bizi baldintzak hobetzen, jendarte justuago eta demokratikoagoa sortzen dute. Emakumeen lorpenak gizartea bere osotasunean aberasten baitute
Hori dela eta, ezin dugu atzerapausorik eman. Berdintasuna baloratu eta defendatzen duen jendartea, justizia eta ongizatearen berme hoberena baitira.
Gure aldetik, steilasek, aurten ere, ikasgelan lantzeko material didaktikoa eskaini dugu. Bide batez biztanleria herrialde bakoitzean gauzatuko diren ekintzetan parte hartzera gonbidatu nahi dugu.