ana galarraga aiestaran
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Uste okerrak eta sasi-egiak

2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Pertsonok berezkoa dugu hautematen dugunari zentzua bilatzea, kausa-efektu erlazioa aurkitzea. Mekanismo hori funtsezkoa da gure espeziearen biziraupenerako, baina horrek berak sinesmen faltsuak sortzera eramaten gaitu maiz. Ilusio kausala deitzen diote psikologoek, eta horren adibide bat baino gehiago hedatu da errealitatea interpretatzeko nahia eta beharra hain indartsuak diren garai hauetan.

Esaterako, nahiko zabalduta dago 5G teknologiako antenek zerikusia dutela koronabirusaren hedapenean. Uste horren atzean kausa-efektu lotura faltsua egon daiteke: lehen agerraldi handiak eta mediatikoak gertatu ziren lekuetako batzuetan antena horiek daudenez, boteprontoan, bata bestearen ondorio dela pentsa dezake batek.

Arrazionalki aztertuz gero, ordea, erraz jabe gaitezke lotura faltsua dela: birusa arnasbideetatik kanporatutako tantaxka eta aerosolen bidez transmititzen da, eta 5G teknologiak erabiltzen dituen uhin elektromagnetikoek ez dute inolako eraginik transmisio horretan. Gainera, garbi ikusi da 5G antenen arrastorik ez dagoen lekuetan ere aise hedatu dela birusa, tamalez.

Oso zaila da, ordea, behin ideia bat ontzat eman dugunean, baztertzea; lehenengo aldiz ikasitako hori desikastea. Horregatik sinesten du batek baino gehiagok COVID-19a ez dela gripe bat baino larriagoa, hala zabaldu baitzen hasieran. Izan ere, COVID-19aren baieztatutako lehen kasu larriak eta hildakoak adin nagusikoen artean gertatu ziren; aldiz, bazirudien gazteei eta osasuntsuei ez ziela eragiten.

Hilabete hauetan, lehen irudipen hori ezeztatu du errealitateak. Ez nagusiak adina, baina gazteak ere hiltzen ditu gaitzak, eta bizirik iraun duten batzuk ondorio larriak jasaten ari dira. Hildakoak, berriz, urtean sasoiko gripeak 290.000-650.000 hiltzen dituela kalkulatzen du Osasunaren Mundu Erakundeak. 2020a amaitzeko ia hiru hilabete geratzen direnean, 900.000 baino gehiago dira COVID-19ak eragindako heriotza baieztatuak (baieztatu gabekoak aintzat hartuz gero, gehiago izango dira, seguruenik).

Maskaren eraginkortasuna ukatzeko arrazoietako bat ere hori izan daiteke, hasieran osasun-arduradunek berek esan baitzuten ez zirela beharrezkoak. Denborarekin, gero eta ebidentzia gehiago daude distantzia ez dela nahikoa birusaren transmisioa eragozteko: birusa aerosoletan ere hedatzen da, eta haiek tantaxka handiagoak baino urrunago iristen dira, eta denbora luzeagoan irauten dute airean. Horrenbestez, maskarak baliabide garrantzitsua bihurtu dira infektatzeko arriskua txikitzeko.

Ilusio kausala eta lehenengo ikasitakoaren iraunkortasuna ez ezik, bada denoi eragiten digun beste mekanismo psikologiko bat, zenbaitetan ebidentzia ez onartzera eramaten gaituena: gure interesekin bat ez datorrena baztertzeko joera. Horren adibide klasikoa da tabakoa erretzea eta biriketako minbizia lotzen zituzten lehen ikerketekin gertatutakoa: hainbaten iritziz, ikerketa haiek akatsak zituzten; bada, hori zioten gehienak erretzaileak ziren. Era berean, maskara deserosoa denez, haien eraginkortasuna frogatzen duten ikerketak baztertzen dituzte batzuek.

Horretaz guztiaz gain, badira talde interesatuek bultzatutako sasi-egiak. Haietako askoren arrakastaren gakoa, hau: azalpen eta soluzio errazak eskaintzea. Horren aurrean, metodo zientifikoaren arabera pentsatzea da irtenbidea, jakinda, hori bai, zientziak ez duela, gehienetan, erantzun errazik eta azkarrik topatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.