Denboraren iraganaren pertzepzioa oso pertsonala da, are gehiago politikan. Urtebete asko edo gutxi izan liteke, segun zer gertatu den eta segun zer gertatzea espero zen. Duela urtebeteko iraila erotzeko modukoa izan zen, ETAren adierazpenen kopurua eta mamia kontuan hartuz gero: bi agiri esanguratsu eta elkarrrizketa bat. Horri Gernikako Adierazpenaren aurkezpena erantsi beharko genioke; ia egun adina albiste mamitsu eduki zuen hilabetea borobiltzeko.
Iraileko abiadari eusterik ez zen izango; gelditu beharra zeukan ezuste gozoen noriak. Ez zen denbora askoan gelditu. Urte berriarekin ETAk su-etena iragarri zuen, «orokorra» adjektiboa erantsiz. Aldi berean, aurretik eta atzetik etengabekoak ziren ezker abertzaleko bozeramaileen adierazpenak; bateko barne prozesua, besteko distantzia borroka armatuaren praktikarekin.
Bide politikoen aldeko apusta estrategikoa zela esan zuten behin eta berriz, eta ilusio handia sortu herritar askorengan, gertukoengan bereziki, baina baita periferikoengan ere. Oso bestelakoa izan zen klase politiko eta medioatikoaren gehiengoaren harrera. Jarrera mesfidatiarekin hartu zuten gehienek, begi bistakoa dena ukatze hutsarekin lausotzen delakoan.
Urduritasun handia sortzen zuen iragartzen zen jokaleku berriak. Ez-aren taldea sortu zuten Euskal Herriko komunikabide batzuek, politikari askok eta hainbat erakunde publikok; iritzi publikoari ilusioa zapuztu nahian, kokatzeko denbora irabazteko. Dena gezurra zen, hauteskunde estrategia hutsa; ezin zen baztertu ETAren atentatu gogorren bat, estrategia politiko-militarren amarrua zen, lehenagotik ere horrelakoak esanak zituzten...
Pixkanaka, eta aldaketaren sustatzaileen izerdi handiaren ondorioz, pitzatuz joan zenEz-aren abesbatza, tarteka ahots solteak ageriz. Partitura egokitzen hasi beharra zegoen. Amarru zena, «urrats bat da, baina ez nahikoa» bihurtu zen. Dena beltz ikusten zuten batzuek, beren burua erridikuluaren amildegitik gertu sentituta, argi uneak ikusten hasiak zirela onartu behar izan zuten. Horietako hainbatek lehen eskuko informazioa zeukaten gertatzen ari zenaz; baina, hala ere, jendaurrean jarrera gogorra erakutsi beharra zeukaten. Bizkartzainak kendu edo ez jartzeko erabakia hartzen ari ziren berek esaten zuten jendaurrean dena gezurra zela. Maiatzaren 22ko hauteskundeetan gertatu zena espero zuten, eta ez zeuden prest inori kanpaina egiteko. Zaildu egin behar zitzaion ezker abertzale berriari ilusioa gizarterako aukera. Eta makinari politikoa eta mediatikoa jarri zuten lanean.
Baina errealitatea tematia da; atzera liteke inpaktua, baina ez saihestu. Gero eta jende gehiagok sinestu zien aldaketaren eragileei, gero eta handiago zen itxaropena prozesu berrian.
Hego Euskal Herriko abertzaleentzat, oro har, oso garrantzitsuak ziren hauteskundeak zeuden prozesuaren erdian, maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeak. Bildu sortu zuten, baina azken unera arte ezin izan zuen jakin parte hartzeko moduan izango zenetz. Inoiz sigla politiko batzuek eduki duten presentzia mediatikorik handiena eskaini zioten, nahi gabe bistan denez, Espaniako Estatuaren adar politiko eta judizialek Bilduri; bi aste pasatu zituen koalizioak komunikabide garrantzitsu gehienen lehen orrialdean eta albistegietan. Merkatu parametroetan, baloratu ezin den sustapena eskaintzeraino.
Emaitza onak, oso onak lortu zituen Bilduk M-22an, Hego Euskal Herriko politika errotik astinduz eta oraindik bukatu ez diren ondorioak sortuz. Ilegalizazioarengatik, premia bertute bihurtuta, sekula aurkeztuko ez zituen hautagaiak bilatu behar izan zituen. Estrategia berria aurpegi berriak kontzeptuak sinesgarritasuna irabazten lagundu zuen. Erronka handia dauka Bilduk erakundeen kudeaketan; eredu berria eta eraginkorra landu beharko du, konfiantza eman zion hautesle berriari eutsiko badio.
Sortu legeztatzea falta da normaltasunaren bidean urrats garrantzitsua egiteko. Espainiako Konstituzionalak erabaki behar du, A-20ko hauteskundeen aurretik edo ondoren.
Baina, era honetako prozesuetan gertatzen den legez, bada era diskretoan lanean ari denik. Brian Currinek koordinatzen duen Nazioarteko Harreman Taldea, esate baterako. Lan isila, pazientzia handikoa, eta emaitzak luzaroan ekarriko dituena.
Motza edo luzea izan da ETAk erasoko ekintzarik egingo ez zuela iragarri zuenetik iragan diren 12 hilabeteon aldia? Trinkoa bai, behintzat.
Motza izan da, seguru aski, politikaren zurrunbiloan dabilenarentzat. Gauza asko gertatu baitira, eta oso azkar, argitaratzen dugun erreportajearen kronologiak erakusten duenez. Denbora gutxian, urrats garrantzitsu asko eman dituzte eragileetako batzuek, prozesua abiadura bizi etengabean jarriz.
Baina, segun nola begiratzen den, luzea, luzeegia izango zen, hau ere seguru aski, eguneroko politika horren gertu bizi ez duenarentzat. Zenbat aldiz entzun ote dugu hilabeteotan «baina zeren zain daude behin betiko erabakia hartzeko?». Herritar askok presa daukate fase berrian kokatu eta herri honen gaitasuna frogatzeko. Ulertzekoa.
Urtebete «eraso ekintza» gabe. Analisia
Urtebete, luzea edo motza?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu