Pello Urzelai.
Analisia

Urrats faltan...

2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Antonio Basagoiti hirugarrena izan da. Aurretik, Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu bildu dira Moncloan Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuarekin. Lehenengo biek garai berriari laguntzeko urratsak egiteko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Zehazki, espetxe politika malgutzeko garaia iritsi dela esan diote. Basagoiti, ordea, Lopezek eta Urkulluk Moncloan utzitako pilota kanpora botatzen saiatu da Raxoirekin bildu osteko agerraldian. Espetxe politika malgutzeko eskaerari muzin egin —«presoak gerturatzea ez dago PPren lehentasunen artean»—, eta EAJ eta PSErekin «akordio eta konplizitateak» ehuntzeko asmoa agertu du. Dokumentu idatzi bat adosteko aukera ere aipatu du Basagoitik. Funtsean, konplizitaterako eskaintza horrekin, PPk honako helburu hirukoitz hau du: denbora irabazi, ardura bere gainetik kendu eta ezker abertzalearen ekimena indargabetzen saiatu. PPko gobernuak ez dio aurre egin nahi dagokion kudeatzeko ardurari, eta laguntzaileak bilatzen ditu estrategia horretan. PPko gobernuak ez dio heldu nahi nazioarteko izen handiko sei pertsonak babestutako Aieteko Adierazpenaren bigarren puntuari —elkarrizketa zuzena ETArekin «gatazka armatuaren ondorioei» buruz hitz egiteko—, eta nahasmenari ekin dio.

Izan ere, garai berria kudeatzeko gaitasunik eza erakusten ari da Raxoiren gobernua, batez ere, Barne ministroaren eta zenbait poliziabururen adierazpenak kontuan hartuta. Ez baita arduratsua Barne ministro batek esatea hauteskunde autonomikoak izan bitartean ez dutela aurreikusten ETAk atentaturik egitea. Desarmatze prozesua egiteko zain dagoela jakinda. Edo Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen txostena lehen eskutik ezagututa.

PPren jokabide nahasi eta baztertzailearen aurrean, garrantzi handikoa da urratsak egiteko presioari eustea, denbora alferrik pasatzen ez uztea eta PPren sareetan ez katramilatzea. Horregatik, ez da ulertzen EAJk PPren zuzenketa onartu izana, jakinda Espainiako Konstituzioa ez dela izan estatuak eragindako giza eskubideen urraketak eragozteko tresna juridiko eraginkorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.