enekoitz esnaola
ANALISIA

Ur azpian gehiago ez izateko

2015eko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Jose Mari Esparzak bere Cien razones por las que dejé de ser español liburuan, 16. arrazoian, 1936an frankisten altxamendutik ihesi joan zen tafallar baten istoriotxoa dakar: Santi Doxandabaratzena. Venezuelan hartu zuen ostatu, eta ia berrogei urtera hemen zen bueltan. «Nahasketa arraro bateko» gizona zen, Esparza herrikidearen irudiko: demokrata liberala, karlista, Tafallako lehen Batzorde Nazionalistako partaidea, Uxueko Ama Birjinaren kofradiakidea, enpresaburua, euskal langileen elkartasunerako kooperatibista eta aktibista soziala. Independentista ere bazen, idazleak kontatzen duenez. Doxandabaratz: «Euskaldunok kortxoak bezalakoak gara: une batean ur azpian eduki gaitzakete, baina mugimendurik txikienera gainera egiten dugu beti». Froga modura jarri ahal dira euskaldunen aurkako konkistak, gerrak, diktadurak, ilegalizazioak, kartzelatzeak, inposizioak eta beste. Baina hor da Euskal Herria, uretan justu antzean burua aterata bada ere.

Gaur zortzi, Gure Esku Dago-k deituta, milaka eta milaka herritar etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidearen alde agertu ziren Baionan, Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Euskal Herriaren askatasunaren bidean egitasmo interesgarria da Gure Esku Dago, baina badira bide gehiago zabalduak, badira errei gehiago, guztiak ere izaera, erritmo edota inplikazio desberdinekoak, —oraindik— artikulatu eta forma eman gabeak.

Nafarroan aldaketa historikoa lortu da, eta laborategia martxan dago: gobernuan izango dira—bakoitzak bere erara— Euskal Herria aintzat hartzen duten indarrak; guztiek aitortzen diote Nafarroari subjektu politikoaren rola, eta ezarri ahal duten kultura politiko berria aintzat hartzekoa izango da. Horrez gain, gero eta handiagoa da abertzaleen boterea instituzioetan: Hego Euskal Herriko lau alkateak abertzaleak dira, hiru ahaldun nagusiak ere hala izango dira, Hegoaldeko 240 alkatetza abertzaleen esku daude, baita Jaurlaritza ere, eta Ipar Euskal Herrian alternatiba izateko bidea sendo urratzen ari dira. Foru eserlekuen %69, berriz, erabakitzeko eskubidearen aldekoak dira.

EH Bilduk aurten aurkeztu du estatua lortu ahal izateko estrategia: Euskal Bidea. EAEn aurki hasiko dira estatus politiko berria diseinatzen, eta EAJkoek ere, esandakoaren arabera bederen, nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea jaso nahi dituzte —iaz Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea daukala—. Hor da Ipar Euskal Herriarentzako lehen egituratze instituzionalaren aukera, hor Udalbiltza, eta hor euroeskualde osatuaren edo birformulatuaren aukera. Iaz bi herri galdeketa izan ziren —Euskal Herriaren independentziari eta estatuari buruzkoak—, eta iragarri dute 2016an beste 30en bat egingo direla.

Urte erdi baten barruan estatusaz-eta bigarren jardunaldi akademikoa izango da datorren astean: Berrikuntza politikoa:konstituzio erreforma, autogobernua, erabakitze eskubidea eta independentzia EHUko ikastaroa. Abenduan izan ziren Nazioak eta estatuak XXI. mendean: demokrazia eta erabakitzeko eskubidea nazioarteko jardunaldiak, Eusko Ikaskuntzak eta EHUk taxututa. Asteon izan dira Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian jardunaldiak, UEUk eta Jakin fundazioak antolatuta. Urteotan liburuak ere plazaratu dira independentziaz eta estatuaz; lanean dira euskal behategi, sare, center, institutu eta fundazioak...

Osagai asko lapikoan —beratzen, ordea?—. Gainera, ETArik gabeko behin betiko egoera batean.

País Vasco: ¿un nuevo estado? Cataluña: ¿un nuevo estado? liburuan Ferran Requejok Demokrazia liberalak eta aniztasun nazionala. Kataluniako kasua: federalismotik independentziara artikuluan esaten du helbururako eta estrategiarako konpromiso kolektibo eta askotariko sendoak izatea funtsezkoa dela baina, aurretik, arazo bat konpontzeko lehenengo baldintza «ondo definitzea» dela, eta ondoren leudekeela: 1. Oinarrizko kontua zer den erabakitzea.2. Ahal den zehaztasunik handiena izatea kontzeptuek eta izaera historikoak. 3. Balizko irtenbideen bila joateko nora joan behar den jakitea, bai teoriaren esparruan, bai politika konparatuaren esparruan.

Euskal Herrian bada gabeziarik eta ahuleziarik alde horretatik. Gainera, badago arriskua eragile politikoek prozesua gehiegi kontrolatzekoa —akats endemikoa gurean—, eta, hala, une historiko honetan gizartetik ez bultza egitea (Hego) Euskal Herriaren egituraketan —kasurako, arlokako proposamen eta proiektu nazional falta egotea—. Eragile abertzaleen artean helmuga ez dago zehaztua, baina norabide orokor bateko geltokiak ez definitzea—lurralde batasuna...— eta, nolabait definituta ere, ilusio kolektiborako gardentasunez pausoen berri ez ematea izan liteke beste arrisku bat. Azken batean, ur azpian gehiago ez izateko prozesu baterako, Doxandabaratzen soslaiaren baitako ertz denetako jendea batzeko formulak bilatu beharko dituzte. Esparzak liburu hartan XIX. mendeko foruei buruz-eta ari denean dio «herria altxatzeko» ez dela aski «zapaltzailea» definitua izatea; negoziatzeko ezinbesteko direla «helburu argiak eta lider handiak». «Euskaldunek ez dituzte izan, eta herria birrindu egin dute negoziazio mahaian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.