COVID-19aren pandemiaren hasieran umeen kutsatzeak ez ziren hain ugariak, bereziki etxeratze aginduaren ondoren umeak etxe barruan zeudelako —hasieran ezin ziren irten ere—. Baina hilabeteak aurrera doazen heinean, populazioaren gehiengoa txertatua egonik, 12 urtetik beherako umeak bilakatu dira kutsatze tasa altuenak dituztenak, beraien intzidentzia metatua beste adinetan baino askoz altuagoa izanik bereziki azken uhin epidemiko honetan.
Aste honetan, eta Europako Medikamentuan Agentziak (EMA) baimendu ondoren, 5-12 urte bitartekoei txertoa emateko aukera ireki da. EMAk, azterketa klinikoak aztertu ondoren, ondorioztatu du umeen txerto hori segurua eta eraginkorra dela. Izatez, Estatu Batuetan jadanik 5 milioi ume baino gehiago txertatu dituzte azken hilabeteetan eta ez dute ikusi inolako arazo larririk sortu denik.
Eusko Jaurlaritzak urrian argitaratutako inkesta batean bakarrik inkestatutako gurasoen%48k nahiago lukete umeak txertatzea eta beste % 27 ez daude ziur. Zergatik mesfidantza hori?
Nahiz eta umeak COVID-19aren ondorioz gaixotzeko arriskua helduena baino txikiagoa izan, argi dagoena da beraiek kutsatu daitezkeela. Horren ondorioz, aukera ezberdinak garatu daitezke. Alde batetik, kutsatu ondoren, nahiz eta inolako sintomarik ez izan, birusa senitartekoei transmititu diezaiekete, azken hauek gaixotuz. Bestetik, umeak eurak gaixotu daitezke; askotan sintoma arinak izanik, baina besteetan, konplikazio arraroak ere pairatu ditzakete, hala nola sistema anitzeko sindrome inflamatorioa, edo COVID iraunkorraren sintoma ezberdinak izan. Eta ezin da ahaztu zoritxarrez umeak ere hil daitezkeela gaixotasun honengatik. Argitaratuta dauden datuen arabera, Euskadin adin horretako ume bat hil egin da COVID-19aren ondorioz; Espainiar Estatuan 117 hildako egon dira 10 urtetik beherakoetan eta 3.500 baino gehiago ospitaleratu dituzte.
Eta zein izan beharko litzateke lehentasuna? Dudarik gabe adin horretako ume immunogutxituak edo bestelako gaixotasun arriskutsuak dituztenak (diabetesa, bihotzeko edo biriketako gaixotasunak, neurologikoak...); ez da ahaztu behar adin horretan ere badaudela sistema immune gutxitua duten umeak eta horiek izan behar dira babespen azkarrena jaso behar dutenak. Galiziak, esate baterako, aipatu du ume immunogutxiak txertatzen hasiko dela.
Txertaketan badago habiaren(cocooning) estrategia. Bere helburua da infekzioa jasaten duen paziente baten inguruan patogenoak transmititzeko arriskua minimizatzea. Eta horregatik umeak txertatzen dira adibidez pneumokoko edo beste hainbat txertorekin. Beraiek txertatuz mikroorganismoaren transmisioa gutxitzen da eta horrela bere senitartekoak (neba-arreba gazteagoak, gurasoak, aitaita-amamak) babesten dira.
Nire iritziz, inork ez luke nahi bere semeak edo alabak prebenitu daitekeen gaixotasun batengatik arazoak izan ditzan. Egin dezagun berdin COVID-19a ez pairatzeko.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN
Umeak txertatzeko arrazoiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu