Miren Basaras Ibarzabal.
ZIENTZIA PENTSALDIAN

Umeak kutsatzaile profesionalak dira?

2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuko Karlos III.a Institutuko ikertzaileek Eurosurveillance aldizkari ospetsuan egindako ikerketa batean ondorioztatu dute mende honetako gripearen epidemietan handiagoa dela birusaren kutsakortasuna 15 urtetik beherako umeetan. Nazioarteko hainbat ikerketatan ere antzeko emaitzak ikusi dituzte. Horregatik, gripearekin frogatutako ondorio hori izan da bereziki COVID-19 gaixotasunean umeen gainean hartutako neurrien arrazoi nagusietako bat.

Umeak arnasbidetik transmititzen diren hainbat birusen kutsatzaile profesionalak dira. Batzuetan, kutsatu bakarrik ez, gaixotu ere egiten dira, eta oso larri, gainera; esate baterako, gripeaz edo arnas birus sintzitialak sorrarazten duen bronkiolitisaz.

Baina COVID-19aren kasuan ikusi da umeak, oro har, sintomarik gabeak direla, edo sintoma arinak pairatzen dituztela. Hainbat ikerketa egin dira horren zergatia frogatzeko.

Alemanian, esate baterako, ikusi dute umeen zein helduen birusaren karga edo kantitatea berdina dela nasofaringean, hau da, badirudi birusa berdin erreplikatzen dela bertan, eta umeak helduak bezain kutsakorrak izan daitezkeela. Beraz, gaixotasun larria ez pairatzeko arrazoiak beste batzuk izan beharko lirateke.

Horren ildotik, haurrek beren biriketan ACE2 proteina hartzaile gutxiago edo heldu gutxiago izan ditzakete —SARS-CoV-2ak hori erabiltzen du zeluletan sartzeko—; agian, horregatik birus horrek sorrarazitako kasu larri gutxiago atzeman dira umeengan.

Egia da haurrek arrisku handiagoa dutela beste koronabirus batzuk izateko, hala nola urtero hotzeria arrunta eragiten dutenak. Frogatu da SARS-CoV-2 eta koronabirus horien artean immunitate gurutzatua egon daitekeela, eta horrek, agian, eragin dezake umeek gaixotasun larrietatik babestea. Baina ez dirudi horrek zentzu askorik duenik, ez baitirudi jaioberriek ere COVID-19 oso gaixotasun larriak pairatzen dituztenik, eta aipatutako immunitate hori ez dute.

Nature aldizkariko azken berri batean aipatu dute zelulen endotelioak eragina izan dezakeela gaixotasunaren garapenean. Endotelioa odol-hodiak estaltzen dituen ehun leuna da, eta koagulazioari aurre hartzen diona. Zurichen eta Harvarden egindako ikerketa batean ikusi dute SARS-CoV-2 endoteliora lot daitekeela, eta kutsatutako gaixoetan hantura eta koagulazio-zeinuak eragiten dituela. COVID-19 larria duten heldu askok koagulazio arazoak izaten dituzte beren odol-hodietan, eta horrek bihotzekoak edo garun-isuriak eragiten ditu. Teoria horrek azalduko luke zergatik diabetikoak eta hipertentsoak arrisku altukoak diren gaixotasun honekiko, beren endotelioa ere kaltetua dagoelako.

Haurretan endotelioa askoz baldintza hobeagoetan egoten da helduetan baino; haur baten endotelioa oso ondo ezartzen da, eta, gero, adinarekin, hondatzen joaten da. Ikertzaileen esanetan, haurren odol-hodiak gai dira birusaren eraso horri helduek baino hobeto eusteko.

Oraingoz, galdera asko daude birus horren ezagutzari dagokionez, baina alarma egoera honen bukaeran mugikortasunak ekarriko duen arriskua kontrolatzea denon esku dago, denok izan gaitezkeelako birusaren kutsatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.