Pastor
Darwin eta gu

Ume lapurtuak

2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Ume lapurtuen eskandalua gero eta handiagoa da. Aste honetan beste hilobi bat agertu da hutsik. Lapurretak azpijoko edo sare antolatu baten bidez egin zirela esateko goiz dela azaldu du aditu batek. Patxi Lopezek, aldiz, teoria horren alde egin zuen atzo. Baliteke batak zuhurregi jokatu izana, eta besteak ausartegi, baina auziak ez du itxura onik.

Lopezen teoria zuzena izan liteke, kasuak gertatu ziren garaiari eta testuinguruari begiratuz gero: 60, 70 eta 80ko urteak. Francoren agintaldia edo, diktadura teorian desagertu arren, lau hamarkadatan ereindako menderatze sozialaren uzta artean bizirik zegoen denbora. Orduan, boteredunek eta boteretsuek uste zuten herritarren gaineko erabaki guztiak hartzeko ahalmena zutela. Zigorgabetasuna, pertsonaren duintasuna ezabatzeko. Herritarrak mendeko zapalduak ziren, askotan kuraia zibilik gabe oldartzeko. Zapalkuntzak, umiliazioak eta zigorrak esklaboago bihurtzen dituzte esklaboak. Familia bakoitzean ez da Espartako bat sortzen, horien kontra egiteko. Garai ilunenetan jende xeheak nahiko lan du eguneroko bizimodu tristean aurrera egiten saiatzearekin. 2012an ez da ezinezkoa umeak lapurtzeko sare bat egotea, baina gizarte zibilak hobeto kontrolatzen du boterea. Zenbait arlotan, beste kontzientzia bat dago. Herritarrek badakite euren eskubideen berri. Oraingo ama batek nekez sinetsiko luke ume baten heriotza, mediku, erizain edo moja baten ahotik azaleko azalpenak jasota.

Azpijokoaren susmoak frankismoaren boterearen hiru zutabeei lotuak dira. Batetik, botere politikoa dugu. Aldez edo moldez, umeak lapurtzen lagundu zien berak inposatutako erregimen politiko eta sozialean ondo txertatuak ziren eta harekin erlazio onak zituzten herritarrei. Ikusteko dago esku hartze aktiboa izan ote zen, edo soilik ezjakinarena egitea, baina argi dago delitu horien egileek babestuta ikusten zutela euren burua. Umeak lortu nahi zituztenek bazekiten norengana joan laguntza eskatzeko; lagundu nahi zutenek bazekiten nora, zer inguru sozialetara jo, ume horiek lortzeko. Auzi honetan ez dugu Neguriko oligarkiako familia aberats baten salaketa bat bera ere ikusi. Ez dugu ikusiko.

Bestetik, botere ekonomikoa dugu. Halako delituak egiteko babes politikoa eta, behar izanez gero, lotura eta baliabide ekonomiko egokiak zituzten pertsonek osatzen zuten botere hori. Bilbo aldeko konparazioekin segitzeko: 60 eta 70eko urteetako Zorrotza auzoko Zazpi Landa azpi-auzoko bikote batek halako krimenik egin nahi izan balu, ez zuen ez kontakturik, ez dirurik izango aurrera segitzeko.

Azkenik, eliza ofizialeko zenbait kidek boterearekin zuten harreman estua dago, moral kristauaren ikuspegi itxia lagun. Itxia eta fariseua. Zenbait kasutan, neska bat haurdun egonez gero, ez abortatzeko konbentzitzen saiatzen ziren. Erdituz gero, beste familia bati ematen zioten umea. Horretarako, neska onean gozatu edo txarrean mehatxatu egiten zuten. Edo gezurra erabiltzen zuten, haurra hila zela esanez. Fetu baten garapena etetea munstrokeriatzat jotzen zutenei ez zien ardura ume jaioberri bat gupidarik gabe amaren magaletik kentzeak.

Halakoak egiten zituztenek sentimendurik ba ote? Bai, noski. Guk krudelkeria noraino iristen den galdetzen diogu, harrituta, geure buruari, baina egun batetik bestera haurra jasotzen zutenek, egia jakinda edo ezer galdetu gabe, sentimendu onak zituzten, seguruena. Pozik hartzen zituzten umeak, jatorrizko etxeetan baino maitasun handiagoa eta baliabide gehiago eskaintzeko. Eta euren ama edo aita sena modurik krudelenean asetzeko. Pentsatuko zuten, gainera, horrela umea berrerosi egiten zutela familia edo inguru haien ustez penagarrien esklabotzatik. Horrek beste pentsamendu guztiak kentzen zizkien burutik. Umeak lapurtzen zituzten, baina barrena lasai zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.