Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. PENTSALDIAN

Udazken aroko infekzioak

2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun

Udazkenean murgilduta, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontroleko Europako Zentroak, urtero legez, urriaren 18tik 22ra bitartean Gripeari buruzko Kontzientziazio Astea izendatu du. Horren helburua da gripearen kontrako txertaketak pertsonen osasunerako eta ongizaterako duen garrantziari buruzko kontzientzia sortzea. Gripea gaixotasun hutsala dela pentsatzea sarritan ohikoa izaten da; sukarra, ondoeza, buruko mina eta sintoma erdi arinak sortzen duen gaitza dela ere pentsatzen dutenak badaude. Ezaguna da arrisku talde ezberdinak daudela; esate baterako, adinekoek, haurdunek, ume gazteek edo hainbat patologia dituzten pertsonek sarritan arrisku handiagoa dute ondorio larriak izateko, horien artean pneumoniak, bronkitisak, bihotzetako arazoak, entzefalitisak, eta abar luze bat. Baina ez ditu arazoak ematen bakarrik arrisku talde horietan, edozein pertsonarengan ere horrelako ondorioak sor ditzake. Beraz, gripea ezereztatzea kontu larria da.

 

Era berean, gripearen gaixotasunak kostu ekonomiko eta sozial handia du: osasun baliabide handien erabilera, eskola edo laneko absentismoa, osasun zerbitzuen kolapsoa... Izatez, Europako Batasunean gripearen kostu zuzena 12.000 milioi baino handiagokoa dela aurreikusten da.

Hori guztia saihesteko prebentzio neurri garrantzitsua gure esku dago: txertaketa. Gripearen kontrako txertoa duen eraginkortasuna (efizientzia) urtero aldatzen da eta batzuetan %60koa dela ikusi egin da. Datu hori ez dela altua pentsa daiteke, baina txertatuko hamar pertsonatik sei guztiz babestuak egotea osasunaren ikuspegitik oso garrantzitsua da.

Pasa den urteko denboraldian ez zen ia griperik izan gure artean; izatez, gripe garaian urruntze sozialaren hainbat neurri izan genituen. Aurten herrialdeen arteko mugimendua nabarmen handitu egin da eta ezaguna da birus hau mugitzen dela pertsonak mugitzen garen heinean. Gripearen zaintza mundu osoan egiten da, bai kasuen agerpena, baita zein motatakoak diren ere. Horrek ematen duen informazioa da zenbaterainokoa izango ote den erabilitako txertoaren eraginkortasuna. Zaintza horri esker, une honetan badakigu gripearen kasuak agertzen ari direla munduko hainbat herrialdetan.

Gaixotasunen Prebentzio eta Kontroleko Europako Zentroak helburutzat jartzen du populazioaren %75 txertatua egotea. Euskadin pasa den urtean hamar adinekoetatik zazpi txertatu egin ziren, eta hamar osasun langiletik ia zortzi. Datu onak dira, baina helburua kopuru horiek handitzea da.

Emakume haurdunen kasuan hamarretik sei txertatu ziren. Ezaguna da amak txertatzeak sei hilabetetik beherako haurren ospitaleratzeak nabarmen prebenitzen dituela, jakinda gainera jaioberri horien defentsak nahiko ahulak direla garai horretan. Gainera, koronabirusaren pandemiaren une honetan ez genuke lagundu behar koinfekzioak egotera, hau da, gaixo batek aldi berean bi birusekin kutsatzea: gripea eta koronabirusa. Horrek izan dezakeen albo-ondorio larriagoekin. Horregatik guztiagatik, gripearen arriskua, eta bere albo-ondorioena, denok daukagu. Txertaketa guztiori ahalbidetzea ezinbestekoa da, eta gure eginkizuna da txertoa jartzea, gure osasuna, eta, aldi berean, guztiona hobetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.