Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Udari begira

2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Azken asteetan, eta uda ate joka izanik, mezu oso itxaropentsuak entzuten ari gara egungo pandemia dela eta. Itxaropena izatea oso ona da, baina burua hanken gainean izanda.

Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak argi aipatzen du koronabirusen transmisioa kontrolatu ahal izateko 100.000 biztanleko 50 kasu baino gutxiago atzeman behar direla (eta hobe 25 baino gutxiago balira). Horren zergatia argia da: zenbat eta positibo gutxiago egon, horien jarraipen eta trazabilitate egoki bat egitea errazagoa da. Hego Euskal Herriko azken egunetako intzidentzia metatua ikusita, datu horretatik oraingoz urrun gaude, laukoiztu egiten duelako.

Datu itxaropentsuak ere badaude, eta txertaketa kanpaina aurrera doan heinean, bai ospitalizazioetan zein zainketa intentsiboko unitateetan jaitsiera nabarmena da. Atzematen diren positibo mailan ere jaitsiera hori ikusgarria da txertatutakoetan, baina ez hainbeste txertatu gabeetan, eta, horren ondorioz, azken asteetan positibo gehienak pertsona gazteetan nabarmenagoak dira.

Londresko Imperial College-k hainbat herrialdetan egindako inkesta batean aipatzen du horietako askotan txertoekiko konfiantza oso altua dela (Erresuma Batuan %87koa eta Espainiako Estatuan %78koa), baina beste batzuetan, aldiz, eskasagoa (Frantzian, %56koa); horrek populazioaren gehiengoa txertatzeko ekar litzakeen arazoekin.

Horri guztiari gehitu behar zaio udako sasoi honetan turismo gehiago dagoela, eta lurralde ezberdinetako pertsonen mugimendua areagotzen dela. Eta hemen badago kezkatzeko beste puntu bat. Espainiako Gobernuak bidaiatzeko argitaratu dituen arauetan herrialdeak talde ezberdinetan sailkatzen ditu, eta bete beharreko arauak ezberdinak dira: Europako Batasunaren barnean ziurtagiri digitala beharrezkoa da; herrialde batzuetako biztanleek (Brasil, Hegoafrika eta India) debekatuta dute estatuan sartzea; eta beste herrialde batzuetako biztanleek (Erresuma Batua kasu) libre dute estatuan sartzea. Eta hemen dago paradoxa. Birusak ez du muga geografikorik errespetatzen, eta, gainera, berdin zaio zein herrialdetan dagoen. Erresuma Batuan, esate baterako, oso kezkatuta daude birusaren delta aldaerarekin (lehengo aldaera indiarra). Aldaera hori nagusitu da azken asteetan herrialde horretan, eta haren transmititzeko ahalmena %60 handiagoa da beste aldaerekin konparatuz, printzipalki gazteak kutsatuz.

Birusaren aldaera horren arazoa da txertaketarekiko babesa gutxitu egiten dela: dosi bakarrarekin %33koa da, eta bi dosiekin, txertoaren arabera, %60-88koa. Erresuma Batuan, txertaketa oso aurreratua doa, eta biztanleen %56 jadanik bi dosiekin babestuta daude, baina, hala ere, deseskalatzea motelago egitea onartu dute.

Hego Euskal Herrian, delta aldaera hori ere detektagarria da, eta Espainiako Estatuko erkidego batzuetan nagusitzen ari da. Aldez aurretik diagnostikorik egin gabe atzerritarrak modu librean etorri ahal baldin badira, arazoa handitu egin daiteke. Gainera, bertara ailegatuta, tokiko babes-neurri prebentiboak bete beharko lituzkete, bertako biztanleriaren moduan.

Udan ere, gure txertaketak aurrera egin behar du, eta, nahiz eta oporretan joan, etxera bueltatzerakoan lehen eta bigarren dosiak lehenetsi egin behar dira, osasun arlotik erraztasunak emanez babesa lortzeko asmoarekin. Ezin da atzeratu txertaketa, horrek arazoak ekar litzake eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.