Egunak badira tunelaren puntako argi ikusten dugula sinesten duguna. Egunak badira ilun pean konkor gabiltzala iruditzen zaiguna. Grekatzen nabil, baina badu bi urte egoera horrek irauten duela. Osasuna, gure kezken zilborra bilakatu da, gure solasaldien bihotza Lezamako txakolina hurrupatzen dugun bitartean eta gure amets gaiztoen itzala norabait abiatzear gaudela positibo izatearen beldurrez ohetik altxatzean. Azken hilabeteotan, ironia jostariz, positibotasuna karga negatiboz jantzi eta astundu dela ezin uka.
Astelehen honetan Frantzian, iparraldean barne, Txerto Agiria indarrean jarri da. Debadio asko, manifestariak oraino ere karriketan, duda eta zalantza sobera: ohargarria da koronabirusak jada aski fragmentatua zen jendarte bat nola jauzarazi duen mila pusketan baina, hauxe liteke ene galdea: ez ote dira sozietateak oro zatikatuak, bakoitzaren aburuen eta egikeren arabera? Pandemiaren baitako neurriak eta murrizketak, etorri diren arau, jasangaitz eta kritikagarri sumatu ditugu, maskararik eza bezain txertoen agertzea 2020ko abendu heze hartan. Sekula kontentatzen ez diren biztanleak gara? Denean eta ez denean beti haserre eta mutur gu? Iragan ostegunean zendu den Ticht Nhat Hanh budista zuhurrarengandik asko bagenuke ikasteko, ez dea hala?
Meditazio kosmiko gutxi eragin digute Omikronek eta bere alaba den BA.2 azpi-aldaerak. Bakartasunaren onurak dastatu ditugu, ez bakartasun morbidoarenak, baizik eta betetasun zoharreko bakartasun harenak. Karrikan, Aturri edo Errobi hegietan gurutzatzen garenean, hargatik, hitza askatzen zaigu, eta Lurreko azken gertakarien jakinean jartzen gara. Batzuk New Yorken pasatu dituzte urte bukaerako bestak, besteek egun oroz zeharkatzen dute frontera eta azkenek bizitza arras normala daramatela kontatzen digute, irriño kokin bat ezpainetan. Eta sakelakoak jotzen du, wasap mezuen seinalea, kilink!: «Konfinaturik nagon ostiraletik, omikronaren atzaparretan erori nintzelarik...».
Normaltasun desiraren eta anormaltasunez hantu errealitatearen arteko no woman's land horretan gaude geldirik. Ez gara segur non gauden hitz egiten dugunean. Eta elkarrizketak finitzen ditugu filosofo sofisten moduan, ohikoa errepikatuz: istorio honetan deus ez dakigulakoa da dugun ziurtasun bakarra. Mundu mailako osasun erakundeak tunel batean sartu dira, haztamuka gidatu gaituzte, kaxkarrot dantza batean bezala, hiru urrats aitzinera, bi gibelera, hatsanka holtz hegiraino, leizeari begira... Bat batean, planeta urdineko parte aberatsenetako kukurrukuak apaldu beharrean suertatu dira, eihera edo errota sozialen uhalak bikerik gabe inguratzen direla argi utziz, minak eta auhenak ozen. Handimandi hunkiezinak zirela uste zuten haiek umezurtz biluzi eta oihukari gisa abandonatu ditu Covid-19ak: pandemia honek biziki ongi islatzen ditu neoliberalismoaren auto-elikatzeko oinarrizko mekanismoak.
Koronabirusa. PENTSALDIAN
Tuneletik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu