Gaur, atzo ospatu zen egun bati buruz hitz egin nahi nuke. Munduko hiri askotan (500 baino gehiagotan) zientziaren aldeko ibilaldiak antolatu dira. Honen iturburua AEBetako lehendakari berriak ezarritako debeku eta murrizketetan dago. Aldaketa klimatikoa gezur hutsa dela dio, kutsadurak ez du kezkatzen, zientzia-elkarteei diru-laguntzak kendu dizkie... eta horrexegatik zientzialariak isilik mantendu nahi ditu. Zientzialari asko ez dira ausartzen lehendakariak esandakoak gezur hutsa direla esaten eta gizarte-sareetan ezizenak erabiltzen dituzte errepresalien beldur.
AEBetan sortutako korronte hau berehala zabaldu da mundu osoan zehar. Estatu espainiarrean zientziaren inguruko hainbat elkartek —Kimikako Erret Elkartea, Fisikakoa, Matematiketakoa, Biokimikakoa eta Genetikakoa— zientziaren aldeko adierazpena bultzatu dute.
Zientzia gure gizarteko atal nagusi bilakatu da. Egun bizi dugun egoera teknologikoa ezin da ulertu zientziaren ekarpenak zaindu gabe. XXI. mendeko gizarte modernoan ezin da onartu inongo oinarri zientifikorik ez duten adierazpenak esan eta defendatzea. Zientziaren aldeko manifestuan lau gauza eskatzen dira. Lehenik, estatu mailako zientziaren aldeko ituna sinatzea. Itun honi esker zientzia agintari politikoengandik bereizita mantenduko litzateke. Honekin batera, administrazioarekiko menpekotasunik izango ez lukeen erakundea osatuko litzateke. Eta erakunde honek kudeatuko lituzke zientziarako baliabideak. Bertan zientzialari adituak egongo lirateke, hauteskundeak nork irabazi dituen kontuan hartu gabe. Europan dagoen European Research Council-aren parekoa izango litzateke, eta baliabide ekonomikoak Estatuko aurrekontuetatik etorriko litzaizkioke, baina erakunde pribatuetatik dirua lortzeko helburuarekin. Ikertzaile gazteak erakartzeko lan egingo luke erakunde honek. Zientziaren inguruko erabakiak hartu behar dituzten politikariei benetako adituen aholkularitza eskainiko litzaieke, hartu behar dituzten erabaki horiek oinarri zientifikoarekin har ditzaten. Eta bukatzeko, zientziak behar duen lekua izan dezan Zientziaren Ministerioa berreskuratzea eskatzen da.
ARGI ALDIAN
Trump eta zientzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu