Azken urteotan, zorionez, hainbat tratamendu berri garatu dira, gaixotasun batzuen sendaketa eta beste askoren kontrola ahalbidetu dutenak. Tratamendu berri horien artean antigorputz monoklonalak daude adibidez, gaixotasun autoimmuneen aurka eraginkorrak direnak, edo minbizi mota batzuen aurka ere bai. Oso erasokorrak diren minbizi kasu batzuentzat, immunoterapian eta CAR-T terapietan oinarrituriko aukerak ari dira garatzen. Berri onak ditugu, beraz, osasunaren eta zientziaren ikuspegitik.
Baina tratamendu horiek guztiak badute amankomuna den zerbait: euren prezio altua. Merkaturatu ondoren euren prezioa jaisten badoa ere, oso garestiak dira guztiak, eta, pentsa dezakezuenez, horrek desorekak eragin ditzake, eta eragiten ditu.
Lehen adibidea C hepatitisaren aurkako tratamendua izan zen, 2014an. C hepatitisaren birusa sendabiderik gabeko birusa zen, hepatitis kronikoa, zirrosia eta gibeleko minbizia eragiten zituena. Bera tratatzeko botika eraginkorra aurkitu zen, baina hasieran 43.000 euro inguru balio zituen tratamenduak. Beharbada, zuetakoren batek gogoan izango du sortu zen zalaparta, urtero tratatu ahal zen kopurua mugatua zelako, eta zerrendak osatzeko irizpideak zirela eta. Zortzi urte pasatuta, gure artean zeuden kasu kroniko ia gehienak tratatu ziren, eta sortzen diren kasu berriak tratatzeko itxaron beharrik ez dago. Baina herrialde pobreenetan tratamendu hori ematerik ez dago, eta ez da tratatzen, jendea oraindik ere C hepatitisaren ondorioz hiltzen delarik.
Orain garatzen ari diren CAR-T terapiek, minbiziaren aurka aukera berri bat suposatuko dutenek, aukera berri bat ekarriko dute. Prezioa, ordea, 300.000 eurotik gorakoa da paziente bakoitzeko, eta, ondoren jaistea espero den arren, beti izango dira oso garestiak. Eutsiko al die gure osasun sistemak kostu horiei?
Eta adibide asko jarri balitezke ere, azken kasua alopezia areatak eragin du. Gaixotasun autoimmune horrek buruko larruazalari eragiten dio, eta eremu jakin batzuetan ilea galtzen da, alopeziazko eremu batzuk garatuz tarteka. Barizitinib izeneko botikak gaitz hori kontrolatu lezake, baina uzten bada, berriro agertzen da. Barizitinibaren prezioa urteko 34.000 eurokoa da, pertsona arrunt batek ordaintzeko gehiegizkoa.
Zergatik dira hain garestiak botikak? Batzuk, euren konplexutasungatik neurri handi batean, CAR-T terapiak esaterako. Beste asko, farmazia konpainiek prezio oso altua jartzen dietelako, garatzeko egindako ikerketaren kostua arrazoitzat harturik.
Egoera honek galdera sorta handia eragiten du, asko etikoak. Zergatik ez da erakunde publikoetan botika horien garapena ikertzen, ondoren merkeagoak izan daitezen? Kendu al litezke patenteak, euren epea baino lehen, interes publikoa dela eta? Baliabideak mugatuak badira, pazienteen artean lehentasunak ezarri behar al dira, adinagatik esaterako? Herrialde aberats eta pobreen arteko koxka are eta gehiago handituko al da? Eta herrialde aberatsen barruan, biztanle aberats eta pobreenen artekoa?
Erantzunak zailak direla jakinda, gogoeta publikoa merezi duen gaia da, muturren aurrean dugulako, eta hurrengo urteetan okertzen joango den arazoa delako.
PENTSALDIAN
Tratamenduen prezioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu