Gora Ortuzar feminista! (argazkia plano motzean) EAJ da bide bakarra! (selfiea) Erasoen aurrean, autodefentsa jeltzalea! (txaloak) Goazen, neskak, oihukatu dezagun guztiok elkarrekin! Ozenago! Gora Ortuzar feminista! Gizonok, zatozte gurekin, eta jar zaitezte lehenengo lerroan: gizonik gabe, borrokarik ez! (txalo zaparrada)
Baina, maitia, zer diozu? Erratu egin zara: «Gora borroka feminista», «bollera da bide bakarra» eta «erasoen aurrean autodefentsa feminista». Betiko leloak dira; ez dakizkizu, ala? Ze astuna eta atzerakoia zaren, neska; 2023an gaude, eta leloak berritu egin behar dira! Progresismoa, modernitatea, girl power-a eta transformismo garaikidea. Hortxe dago gakoa. Showa, showa eta showa. Minutu bateko bideo freskoak. Bale, tira, konbentzitu nauzu, baina show horri lokatz pixka bat gaineratu, mesedez, ez baikara leungarri bat saltzen ari: hauteskunde kanpaina batean gaude, eta hautagaiak saltzen ditugu. Super neskak!
Kanpaina feminizatu hau historikoa izan da, baina leher eginda bukatu dut kanpaina, oso triste: asko konkistatu dugu, baina dena lapurtzen saiatzen ari dira. Hau etsipena nirea. Niri bakarrik iruditzen zait hauteskunde-kanpaina hau kaka patriarkal galanta izan dela? Kanpainaurrea wonderfull mezuz beteta egon da: «Zoragarria izango da lehendabiziko aldiz alkatea emakumea izatea» (txaloak berriz) Egunero mantra bera. Baina nik bizitza osoa daramat zakilak bakarrik ikusten.
Orain arte politikaren lehen lerroan emakumerik egon ez bada, ez da izan eskaera sozialik egon ez delako («eskatzen ari zitzaizkigun», azaldu zuen Ortuzarrek), baizik eta beto politiko misogino bat zegoelako ezarrita. Gizonak baino ez zeuden, gizonak bakarrik egotea nahi zenutelako. Abangoardia balitz bezala saldu diguzue emakumeen lidergoa, hauteskunde-kalkulua besterik ez denean. Zakilkrazia itsusi geratzen da-eta. Ez da erabaki estrukturala izan, estetikoa baizik.
Orain emakumeak ditugu zerrendaburu, eta eslogan bat balitz bezala erabiltzen duzue girl power-a. Alabaina, Emakunde Lehendakaritzatik atera zenuten; PPrekin batera, baietz soilik da baietz legearen erreforma egin duzue; urtez urte, bizkarra ematen diozue alarde parekideari; Bilboko Emakumeen Etxea oztopatzen duzue, eta lan-egutegian egun feminista bat finkatzea da indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko neurri magikoa. Girl power-a izango da, feminismoa behintzat ez delako.
Villabonan marikoi-bikote bati eraso egin diote, eta indarkeria LGTBIfobikoak kezkatzen zaituzte orain. Hori bai, gero, ekainaren 28a gerturatzen denean, Bilbao Pride baten aldeko apustua egingo duzue, nahiago dituzuelako purpurinadun enpresak, borrokalari maritxuak baino.
Haserretu egin zarete, zuen hautagai batek eraso bat jasan duelako trabestia izateagatik. Haserre egoteko arrazoirik ez zaizue falta, ez, baina hortik mugidaren lider berriak izatera mundu bat dago. EAJren Gasteizko alkategai Beatriz Artolazabal, elkarrizketa batean, ez zen gai izan LGTBI siglak banatu eta azaltzeko. Eta Artolazabal ez da edonor: hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzan LGTBI-politikez arduratzen zen sailburua da.LGTBI-harrotasuna bai, asko, baina politika gutxi.
Trankil, txo! Feminismoa ez duzue zuek asmatu, feminismoa guri dagokigu. Ez gara estetikaz ari, politika feministaz baizik, eta azkeneko horretan berandu zabiltzate. Itzali argiak eta garbitu lokatza, showa bukatu da.
KONTRAKANPAINA
Trankil, txo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu