Sardana dantzatzeko unean baizik ez direla batzen entzuna diet katalanei. Euskaldunok Tourrak baizik ez gaituela elkartzen esan genezake guk. Datorren urtean hiru etapa izango ditugu Hego Euskal Herrian (ala EAEn esan beharko genuke?). Pozez zoratzen gaude. Munduko txirrindularitza lasterketa ospetsuenaren zuzendari Christian Prudhomme Gasteizen izan da 2023ko edizioa aurkezteko. «Euskaldunen batasunak» harritu egin duela adierazi du bertan.
Txirrindularitzak zale asko ditu hemen. Interesa eta grina pizten ditu jarraitzaileen artean —derradan, egiari zor, hori ez dela nire kasua: Tourra Euskal Telebistaren bidez ikusten badut, kazetariek erabiltzen duten euskaraz gozatzeko izaten da. Emanaldia bukatuta, errazago gogoratuko dut Fermin Aramendi, Pedro Mari Goikoetxea edo Xabier Usabiagaren hiztegi aberatsari eta joskera dotoreari lotutako perla bat, etaparen irabazlearen izena baino—. Euskaldunok txirrindularitzarekin dugun harreman berezia nabarmentzeko, datu bat eskaini du Tourraren antolakuntzak sare sozialetan: euskal txirrindulariek 21 etapa irabazi dituzte. Lau argazki ere zabaldu dituzte. Lau kirolari, lau txirrindulari: Jesus Loroño, Marino Lejarreta, Miguel Indurain eta Ion Izagirre.
Tira, bejondeiola Prudhomme jaunari, Indurain euskal txirrindularien multzoan sartu izanagatik. Oraindik ez dugu Javier Esparzaren protestarik entzun. Maria Txibitek ere ez du ezer esan. Hala ere, lehendakari andreak badu pozik egoteko motiborik. Euskal Herria aipatu du Tourraren zuzendariak baina, Indurainen kasuan ez bezala, Txibitek hemen ez du kexatzeko arrazoirik. Izan ere, ez dirudi 2023an txirrindulariek Nafarroa Garaia zapalduko dutenik. Arazorik ez. Alta, datorren urteko etapa batean kirolariek Beran sartu eta Ibardinen barrena Azkaine aldera joko balute, Urkullurekin batera egongo zen Txibite asteazkenean Gasteizen? Txibite andrearekin azalduko zen Urkullu jauna Iruñean? Halako egoera hipotetiko batean, Tourrak Euskal Herria zeharkatuko duela esango luke Prudhommek ala banaketa administratibo espainiarrari men egin eta EAE eta Nafarroa bereiziko lituzke? Ezin jakin. Tourrak kontu handiz marraztu du, nonbait, Hegoaldeko ibilbidea.
Dena den, egoera bitxia izango litzateke. Prudhomme eta frantsesentzat Navarre Euskal Herria da, Pays Basque. Espainiarren ustez, ostera, Navarra ez da euskal lurraldea. Hegoaldeko gure bizilagunak kapazak dira mendialdeko nafar bati euskalduntasuna ukatzeko. Euskaldun hori haien ezkutuko arrazakeriak hain estimatuta dituen zortzi abizenen jabea izan eta haren aitona-amonak espainieraz ozta-ozta moldatuko balira ere. Eskerrak Errege-erregina Katolikoek ez zuten Nafarroa Beherea inbaditu; osterantzean, Iruñean barik Donibane Garazin jarriko zuen Hemingwayk taberna flamenkoa.
Euskaldunon batasuna goretsi du Prudhommek. Txirrindularitzaren inguruan, jakina. Otorduek ematen diguten plazera ere aipa zezakeen. Ordea, hortik aurrera zerk batzen gaitu? Euskal Herriak ez, bederen. Ikusi zer saltsa darabilgun geure lurraldea zedarritzeko.
Aitor Garmendia gazte itsasondoarrak lezio ederra eman digu: Euskal Herriko lau muturretan ibili da bizikletan, gora eta behera, inposatutako muga administratiboen gainetik. Garmendia salbuespena da, baina. Egun, Baionan gertatutako istripu bati buruzko albistea osatzeko eskatzen diezu ikasle euskaldunei azterketa batean eta ezbeharra Frantzian izan dela idatziko dute erdiek baino dezente gehiagok. Berdin dio eskola publikoan, ikastolan edo kristau eskoletan ikasi badute. Jaengo ikasle baten iparrorratz berdina dute. Omeleta egina da. Euskal Herria bizikletan zeharkatzeko eskatuz gero, Lanestosa-Irun-Lapuebla de la Abarca ibilbidea edo antzeko bat egingo lukete, seguruena. Zer mapa dute gazte horiek ikasgelako hormetan? Zer erreferentzia irakasleen ahoetan? Zer lurralde beraien bihotz barrenetan? Euskal Herriak banandu egiten gaitu. Batu? Soilik Tourrak batzen gaitu, antza.
DARWIN ETA GU
Tourrak batzen gaitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu