Bestelako plazetan ezin, eta sare sozialetan elkartzen dira (gara) adituak, iritzi-emaileak, jakinguratsuak eta denbora-pasa dabiltzanak. Halakoetan, informazioa usteekin eta gezurrekin nahasten da; komeni da, beraz, une batez zurrunbilotik atera eta kanpotik begiratzea. Horrela erreparatu nion bestela oharkabean igaroko zen esaldi honi: «Zientziak bere mugak ditu, eta azaldu egin behar dira».
Mario Fontan Vela Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan espezializatutako medikuak bota zuen Twitterren, balizko pasaporte serologikoen baliogabetasuna azaltzean. Hain zuzen, nahiko zabalduta dago testak eta haietan oinarritutako «pasaporteak» konfinamendutik ateratzeko urrezko giltza izango direla. Uste horren arabera, antigorputzak detektatzen dituen test batean pertsona batek positibo emanez gero, immunea izango litzatekeela jakingo luke. Ez luke berriz infektatzeko arriskurik izango, ezta beste inor kutsatzekoa ere. Hortaz, immunitate-pasaportea edo pasaporte serologikoa izango luke, eta ez luke prebentzio-neurririk hartu beharrik izango.
Proposamen horrek galdera etikoak eta legalak sortzen ditu. Besteak beste, ez dagoenez testa herritar guztiei egiteko aukerarik, nola aukeratu nori egin? Baina, hori alde batera utzita, ez du oinarri zientifikorik. Smriti Mallapaty ikertzaileak Nature aldizkarian argi dio: testen ahalmenari balio handiegia eman zaio, eta txikiegia haien mugei. Are gordinago adierazi du antigorputz-testak egiten dituen Vitalant Institutuko zuzendariak, Michael Buschek: «Test txar bat egitea baino hobe da testik ez egitea».
Testak ezinbestekoak dira jakiteko zenbat hedatu den eta nori eragin dion pandemiak. Antigorputzen testek ez dute birusa detektatzen, baizik eta infektatuek birusen aurka sortzen dituzten defentsetako batzuk. Hain zuzen, immunitate-sistemak mekanismo bat baino gehiago erabiltzen ditu infekzioa gainditzeko, eta horietako bat dira antigorputzak, eta denak ez dira berdinak.
Egiten ari diren testak era askotakoak dira, eta guztiak ez dira behar bezain eraginkorrak eta fidagarriak. Izan ere, oso azkar garatu eta kaleratu dira, eskaera handia baita, baina, normalean, ontzat jotzeko, proba gehiago egin beharko lirateke, pertsona gehiagorekin. Horren ondorioz, erabiltzen diren testetako batzuen emaitzak ez dira fidagarriak.
Baina hori ez da dena. Oraindik ez dago garbi infektatu diren guztiek antigorputzak sortzen ote dituzten. COVID-19az arin gaixotu eta sendatu ziren 175 pertsonaren azterketak erakutsi du haietatik hamarrek ez zutela antigorputz neutralizatzailerik sortu.
Denbora ere kontuan hartu behar da. Izan ere, antigorputzak ez dira berehala sortzen. Hortaz, gerta daiteke infekzioa gainditu duen norbaitek negatiboa ematea, oraindik ez delako antigorputzak sortzeko nahikoa denbora igaro.
Tximinoekin egindako ikerketetatik ondorioztatu dute sendatu direnak ezin direla berriz gaixotu. Pertsonetan ere hala izango dela uste dute, edo, gaixotzekotan, sintoma arinak izango dituztela. Oraindik goiz da baieztatzeko, ordea. Eta ez dakite ezta immunitateak zenbat irauten duen ere. Beste galdera bat da ea antigorputzak dituztenek (gaitza gainditu eta babestuta daudenek) infekzioa transmititzeko (besteak kutsatzeko) gai ote diren. Pasaportea izateko, horrek ezinbesteko baldintza izan beharko luke. Alabaina, hori ere ezin dute bermatu. Alemanian, COVID-19arekin ospitaleratutako pazienteekin egindako ikerketa batean, ikusi dute astebete igarota pazienteen erdiek bazituztela antigorputzak, baina, hala ere, jarraitzen zuten birusa izaten gorputzean.
Ulertzekoa da jendeak erantzunak nahi izatea, eta zientzialariei eskatzea erantzunak. Agintariek ere haiengan jarri dute ardura. Horren aurrean, gogoan hartzekoa da Jim Al-Khalili fisikariak The Guardian egunkarian esandakoa: «Zalantza funtsezkoa da zientzian. Politikarientzat, ordea, ahuldade-zantzua da».
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK
Testak ez dira urrezko giltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu