Itxaro Borda
PENTSALDIAN

Ter repetita

2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Uda hor dugu. Besoak zabaltzen dizkigu. Familia bazkariak. Bataio eta eztei bana. Beti bezala, zazpiak bat. Hirurogei egun bake, zorion eta eguzki. Europako lur mutur honetako jende askorentzat egitarau bera da, batzuek ordea, munduaren beste puntara joango direla hegazkin ukaldi batez. Bi hilabete ditugu beraz, karbono aztarnaren itzal larderiatsua kasko zokoetatik kentzeko eta «hogeita hamar loriosen» garaian bezala bizitzeko. Hapataz eta falangaz. Hainbeste hersturen ondotik ez ote dugu lasaitasun apurra merezi? Ez al dugu gure buruak sariztatzeko eskubiderik? Ez al zaigu, endorfinak zainetara isuriz,egoera larria beste begiz ikusteko ahalmena zilegi?

Alabaina eguneroko latza jasan dugu, bereziki azken bi urte hauetan: koronabirusa, sekula ez bukatzeko gisa hedatzen ari den Ukrainako gerla likitsa, —Europak eta Estatu Batuek ez dute sobera laguntzen Kieveko boterea, Errusia ez umiliatzeko Macronek behin erran zuen moduan— eta Frantzia mailako hauteskundeak... guztiak, neurri ironiko batean, gertakari traumatikoak. Eta Bidasoan itotzen diren afrikar gazteak... bederatzigarrena jada. Hauen herioen berria jasotzean, beti gogoan dabilzkit Xalbadorren «Mendian galdu direnei» 1974ko bertso paper hunkigarriko hitzak. Historia luzean, gauzak errepikatzen dira, eta ohartzen gara deus ez dela zinez aldatzen.

Aurten, mozkor gutxi. Baionako besten sarrerako besokoa hamar euro ordaindu beharko dute kanpotik datozenek. Diru erraza udalarentzat. Sei egunez urrezko barrabilak egiten omen dituzten ostalerrak ekonomikoki ez umiliatzeko modu graziosoa, ene gostuko. Baina «Niri bost!» lerrake Bilboko Pedro adiskideak, ni mendian nonbait egongo naiz, mugaz bestaldean, beste hizkuntza batzuk ezpainetan. Urrun eta hurbil aldi berean. Ez, hargatik, mundutik at.

Egunkarietan irakurtzen denaren arabera uda honetan koronabirusaren n. garren aldaeren erasoa jasan genezake. Adinekoak laugarrenez txertatzera deitzen dituzte. Oroitzen naiz, ez dakit non eta norekin, nola erraten genuen, Frantziako hauteskundeak bukatu orduko konfinatuko gintuztela, konfinamendua bezain baliabide egokiagorik ez dagoelako bake soziala segurtatzeko, bereziki gaurko egunean, bozka-ontzietatik ateratako Pariseko batzar nazional bitxiarekin, Makroniak, Sinaloako kartel mugitu bat bezain ingobernablea dirudienean.

Ez gara horretan oraino. Gidoi katastrofisten maitaleak gara, ezintasun kolektiboak justifikatzen balituzte bezala. Jupiter bere harpean gordetzen da eta mintzatukoda hitzak zentzu zerbait ukanen duenean. Anartean, Crims ikusten dugu TV3.cat gunean eta Carles Portaren euskal fan's amorratuak bilakatu gara. Eta ametsetan perpaus sibilino batek harrotzen dizkigu muinak: on hi ha sang, no hi ha negoci... udako leitmotiva izan daiteke. Odol metaforikoaz ari naiz bistan dena. Eta aipatzen nuen konfinamenduari dagokionez, utziko ote zaitut parioa irabazten, zu zaren nire laguna ez umiliatzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.