Iosu Alberdi.

Tentuz, baina aurrera

2024ko irailaren 18a
05:00
Entzun

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak EAJri eta EH Bilduri eskatu die baztertzeko «obsesio subiranistak» Gernikako Estatutua berritzeko eztabaidan, eta horretarako argudio gisa erabili ditu ikerketa soziologikoen emaitzak. «Adierazten dute sentimendu independentista inoizko apalena dela», esan zuen Radio Euskadin. Hein batean, Naziometroak berretsi du independentismoaren egoera ez dela onena —ezta azken urteetako txarrena ere—, baita «erakargarri» izateko arazoak dituela ere. Halere, azken neurketatik atera daiteke beste ondorio bat ere, hain zuzen, Anduezak bere kontakizunetik kanpo utzi ohi duena: bada erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo bat, estatuak horretarako urratsak egitea nahi duena.

Gehiengo horrek badu isla Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik Anduezari berari gogoratu zionez, 75 legebiltzarkidetatik 55 erabakitzeko eskubidearen alde daude. Eta Naziometroaren neurketaren arabera, hori gizartean dagoen «pluraltasunaren» parte da: etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidearen alde dauden euskal herritarrak kontra dauden horiek halako hiru dira.

Beraz, Anduezak iradokitakoaren kontra, gakoa ez da herritarrak kontra dauden ala ez, baizik eta auziari nola heltzen zaion. Izan ere, Naziometroak euskal estatuaren aldekoen eta independentziaren kontrakoen artean egindako galderen erantzunetatik ondoriozta daiteke auziari heltzea ez dela inondik inora arazo bat, baina kezka badela, eztabaida horrek «gatazkarik» piztuko ote duen. Beraz, elkarrizketei berriro ekitear dauden honetan, tentuz aztertu beharko da nola landu afera, erlojuaren aurka egingo bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.