Bertsoak

'Suprefetari'

Amets Arzallus Antia.
2013ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Airea: Norteko ferrokarrilarena

Euskaraz bada hitz arraro bat, esaten dugu «mentura»,

izan daiteke ausardia nahiz amets baten abentura,

alegiazko arrazoi baten logikaren arrenkura...

zoritxarreko mentura batek zakartza gure mundura.

Suprefet jauna, izan liteke, zuk sinisteko zail xamar,

lehen erdararik ez zekitenak bederatzitatik hamar,

ta gure hitzak hiru hatz puntta, ahalgeak hiru adar,

begiak ixten zituen eta bi ezpain muturrek dar-dar.

Zauri sakon bat nola dakarren nerabezaroko bortxak

bere barnean exilio bat eraiki zuen bakotxak,

hura gainditzen ez zuen jakin minez bizi zen ahotsak,

txoriak hotzak hil zituen ta hitzak hil zituen lotsak.

Mara-mara du elurra ari hitza sortzen da marmarka,

gure hitzaren marmarrak beti barbaroaren hatz marka;

zigortu zuten taldean eta biziraun zuen bakarka,

orduz geroztik euriak nola ikasi zuen zeharka.

Bide nabar bat bezala biziz, ezarian-ezarian,

hedapenari ezaxolati iraupenaren harian,

bide nabarra ixilik doa bere ibili nagian,

oharkabean bizitze horrek salbatuko du agian.

Zuen eskutan utzi bagenu aspaldi zen putreen bazka,

bide zidor bat hartu genuen bere sasi ta gatazka,

ikastola bat horixe baita, esku lanaren adaxka,

hilkutxa baten egurretatik ateratako seaska.

Baina iduriz, suprefeta zuk, ez duzu maite zurgina,

zurezkoa zen seaska hortan ikusi duzu burdina.

Seaskak badu kaiola traza, hori da egi gordina,

haur euskaldunek ez dute besteen inozentzia berdina.

Maitasunezko seaska edo susmagarrien kaiola,

kolokan jarri duzu, jakinki, kulunka laket zaiola;

nik uste dut zuk ez dakizula oraindik badariola

zuek eragin zaurietatik mintzo zahar honi odola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.