Koldo Nuñez Betelu.
ARGI ALDIAN

Sumendien arriskuei so

2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Mediterraneoaren erdiko Santorini uharteak krisi geologiko bati zor dio duen edertasun naturala, izatez, erdian dagoen badia polita sumendi baten galdararen zati handia baita. Izan ere, jada duela 100.000 urte inguru indar handiko hainbat erupzio bortitz lehertu ziren. Bertan ezagutzen den azkena K.a. 1600 urtean-edo gertatu zen. Leherketak uhartearen parte bat bidali zuen gora txikituta, errauts, gas eta labeekin nahastuta, 100 km3 inguru, materialen zutabea 30 eta 35 km artean altxatu zen estratosferan, eta mundu osora zabaldu, batez ere uhartetik ipar eta ipar ekialderantz. Historia osoan, hura bezalako oso erupzio bortitz gutxi ezagutzen dira. Esaterako, oso famatua den 1883ko Java eta Sumatra arteko Krakatoa uharteko erupzio bortitza. Bertako errautsak 80 km altxatu ziren estratosferan zehar eta mundu osoko klima hoztu zuten hurrengo urteetan. Leherketa Hiroshimako bonba baino 10.000 aldiz indartsuago izan omen zen, bertan sortutako 40 metroko tsunamiek 200 herri baino gehiago txikitu zituzten eta 36.000 lagun inguru hil. Krakatoakoa oso indartsua izan bazen ere, Santoriniko Tera sumendiaren erupzioan lau aldiz material gehiago jaurti zen atmosferara. Datuen arabera, beste hiru baino ez dira egon mundu osoan Santorinikoaren parekoak edo oraindik handiagoak.

Santorinikoak, bestalde, tsunami handiak ere sortu zituen, 35 eta 150 metro arteko alturakoak, eta Mediterraneo osoko kostaldeetan txikizioa barreiatu. Antza, tsunami horiek, errautsen euriteak, hurrengo hilabete eta urteetako negu nuklearrak eta lurrikarek amaitu egin zuten Kretako zibilizazio minoikoarekin. Hainbaten ustez, erupzio horren inguruko gertaerek azalduko lituzkete, gainera, Biblian aipatzen diren zenbait pasadizo, alegia, zerua egunez iluntzea, Itsas Gorriaren urak jaistea eta ondoren indar handiz igotzea, eta beste hainbeste. Baina ez zen orduan bukatu Santorini uharteko sumendiaren bizia. Izan ere, bertako ganbara magmatikoa nahikoa betetzen ari da berriz eta laster beste erupzio bat eman daiteke. Hala ere, erupzio horren aurrekariak oraindik oso ahulak dira. Hortaz, ez da erupzioa oraindik emango baina bai hurrengo urte edo hamarkadetan.

Bada, dena den, beste sumendi handi bat lehertzekotan Japonian. Hain zuzen ere, Aso mendia; uharte horretako sumendirik handiena da eta duela 100.000 urte sortutako 25 kilometro inguruko diametroko galdara handia du. Aurtengo apirilean lurrikara indartsua gertatu zen gertu eta ordutik hona faila berriak zabaltzen ari dira, alegia, erupzio baten aurrekariak ari dira gertatzen bertan. Ez dago argi noraino izan daitekeen bortitza hurrengo erupzioa, batzuetan erupzio txikiak ere eman baitira bertan, baina arriskua hor dago. Aipatutako sumendiak zein munduko beste asko bizirik daude, eta era askotako arriskuak, ezagutzen ez ditugunak ere, ekar ditzakete gure zibilizazioarentzat, haien eragina mundu osora zabaltzen baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.