Felix Zubia.
PENTSALDIAN

Suizidioa

2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Suizidioa, edo geure buruaz beste egitea, gure artean ematen den heriotza arrazoi ez naturalen eragilerik handiena da. Datuak benetan dira lazgarriak; adibidez, trafikoko istripuek baino 2,7 aldiz heriotza gehiago eragiten ditu, edo espainiar estatuan, 11 heriotza gertatzen dira suizidioen ondorioz egunero.Gazteen artean, minbizienondoren heriotza eragile handiena da.

Europa hegoaldean iparraldean baino tasa baxuagoa den arren, etengabean gorantz doa suizidioen kopurua, eta, duela 40 urteko datuekin alderatuz, bikoiztu egin dira. Heriotzarik gehien gizonezkoetan ematen dira (3 gizon emakume bakoitzeko), eta 40 eta 60 urteren artean, baina adin-tarte eta sexu guztietan eman da igoera. Gertatzen den heriotza bakoitzeko 20 saiakera inguru daudela uste da.

Zer egin genezake arazo honen aurrean? Lehenik eta behin, arazoa onartu eta ikusarazi. Urte askoan ez da honi buruz hitz egin, azaltzeak pertsonak suizidiora bultzatuko lituzkeela pentsatuz. Datuek, ordea, kontrakoa diote, eta bada garaia arazoa ezagutu eta landu dezagun. Suizidioa pertsona bezain antzinakoa den arren, hainbesteko neurririk ez duelako sekula izan.

Bigarrenik, ikuspuntu zientifiko eta era berean oso batetik landu. Osasun arazoa denez, bere epidemiologia ezagutu, hau da, zenbaterainokoa den; eta batez ere etiologia aztertu, ea zergatik gertatzen den ikertu. Hemen sartuko litzateke ikuspegi osoaedo integrala, pertsonaren barreneraino sartzea eskatzen duelako, eta gizartearen muina aztertzea.

Trafikoko istripuak gehiegizko abiadurari edo toxikoen kontsumoari lotuta daudela jakindakoan, izan ginen kontziente gure aurreko jokabide batzuk aldatu behar genituela, eta hartu ziren legezko erabaki batzuk. Antzerako zerbait eskatuko luke suizidioak: ikerketa sakon eta irekia, bere arrazoiak ondo jorratuko lituzkeena, ikuspegi askotarikoa: soziologia, etnografia, ekonomia, psikiatria...

Hirugarrenik, eta behin arrazoiak jakinda, prebentzio lana egin. Sedentarismoak edo elikadura txarrak zirkulazio arazoak sortzen dituen moduan, suizidioak bere eragileak dituelako, eta horiek errotik moztu behar ditugu.

Eta, azkenik, kasuak agertzen direnean, tratamendua jarri, Osasun Mentaleko sare indartsu eta publiko bat osatuz. Garbi dago une honetan daukagun sarea ez dela arazoari erantzuteko gauza, gaindituta dagoelako. Eta horrek baliabideak eskatzen ditu, epe ertainerako plangintza bat, eta aurrekontu egoki bat azken finean.

Bada garaia zerbait egin dezagun, gizarte moduan geure buruaz beste egin baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.