Pastor
DARWIN ETA GU

'Spain isn't back'

2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Bere iritzia eman du Arantxa Gonzalezek, Espainiako ministro kargua hartu duenean. Ingelesez: «Spain is back». Badirudi eskuin tradizionalak itsu-itsuan defendatzen duen Espainia monolitikoaren aurka egin duela. Joan Maragallek laudatzen zuen Espainia irudizkoa hobetsi ote du? Poeta katalanak nahi zuen Espainia anitza, bere barruko herri guztiak eta haien kultura errespetatuko zituena margotu nahi izan du? Hala uler liteke.

Beste poeta katalan batek, Salvador Espriu zenak, ez zuen hain modu baikorrean ikusten Kataluniaren etorkizuna Espainiaren barruan. Espainiari Sepharad deitu zion Espriuk. Erbestera halabeharrez jaurtitako herritarra balitz bezala mintzatu zitzaion Espainiari. Erbeste fisikora oraindik ez, baina desterru emozionalera kondenatua ikusten zuen Espriuk bere burua, Espainiaren ohiko kontzeptu, esentzia eta egituren gatibu. Espainiak ez zion eskaintzen bere herriak, Kataluniak, bizirik iraungo ote zuen bermerik. Bizirik, batez ere bere kultura eta hizkuntzaren aldetik, baina ez soilik.

Nola maitatu Espainia, hark zure bizi-gogoa ito eta zure ahotsa isilarazi nahi duenean? Gogoeta hori atzematen da poeta katalanaren testuetan. Spain is back, azaldu du Gonzalezek. Espainia inoiz joan ote zen galde genezake, edo hobeto, zein Espainiak alde egin zuen. Funtsean: Espainia, izan kolore politiko bat edo izan beste bat, beti egon da hor, izate sakratu balitz legez. Historian zehar, aniztasun politikoa baino askoz ere okerrago onartu izan du Espainiak aniztasun linguistikoa. Eta orain artean ez da gai izan bere lurralde arazoari konponbidea emateko. Garai historiko jakin batzuetan aldaketak edo erreformak egin dituen arren, ez du hori lortu.

Sanchezek ahaleginak egingo omen ditu Kataluniako auzia —berez, arazo espainiarra dena— konpontzeko. Ezin jakin Espainiako presidentearen gogoan benetako borondate politikorik dagoen edo ezinbesteko oportunismo beharrezkoa. Halarik ere, berandu baino lehen argituko da kontua, gaiari heldu eta arazoa benetan konpontzeko proposamena egiten duenean.

Gakoa hauxe da: Espainiako herritarrak prest egongo lirateke Kataluniari eta Euskal Herriari euren etorkizuna libre erabakitzen uzteko, baldin eta horrek independentzia lortzeko aukera ekarriko balu? Ezezkoan dago Aitor Esteban, El País egunkariak egin dion elkarrizketan. «Espainiako gizartea ez dago prestatuta autodeterminazio erreferendum bat izateko» —lagun batek elkarrizketaren lotura bidali eta jeltzaleari erantzun dio bere mezuan: «EAJ ere ez»—.

Espainian beste lurralde egitura bat izan edo haien geroa libre erabaki nahi duten euskaldun edo katalanak egoistak omen dira. Supremazistak. Arrazistak. Zer eztabaidatu, halako argudioak erabiltzen dituztenekin? Zer esan, arrazismoa haien inkontzientean dagoenean? Oscar sariak atarian ditugula, Antonio Banderas agertu da hedabideetan. Eta albiste bat: aktore beltzen atalean sartu dute artista espainiarra Deadline hedabideak eta bestek. Jokaera arrazista leporatu diete Espainian hedabide estatubatuarrei. Horrela kexatu diren herritar ugarik, ostera, ez dute erreparorik izan Sergi Lopezi katalantasuna ukatzeko, haren abizena dela eta —derradan, bide batez, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean horren aurka argi eta garbi mintzatu zela Lopez—. Aktoreak independentzia nahi zuela esan zuen elkarrizketa batean, joan den astean. Demokrata ez arrazistak asaldatuta agertu ziren sare sozialetan. Batzuk haren hitz probokatzaileengatik —«independentea izan nahi dut Kataluniako bandera erretzeko eta Morenetari kaka egiteko»— , baina gehienak burujabea izateko desio hutsagatik. «Independentzia nahi du, eta ez da katalana. Lopez deitura du».

Inork ukatu dio Esperanza Aguirre andreari madrildartasuna euskal deitura izateagatik? —ez dugu espainiartasuna esango, Aguirre abizen «espainiarra» dela erantzungo baitute—. Halakoxeak dira, bada. Eta arrazistak, besteak. Beti. Spain isn't back. Spain never left.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.