Itxaro Borda
PENTSALDIAN

Souvenirs

2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Ezin uka, duela bi urte Macron presidenteak mailukatzen zuen nous sommes en guerre mantra politikoa egiaztatu dela, pantailetan Ukrainako irudiak agertzen zaizkigunean. Baina ez da berdin. Zelenskyren egikera kopiatu nahi bailuen, argazki intimoetan bizarra egiteke, akitua eta Orleansko paraxutisten soinekoarekin azaltzen zaigu presidente-gaia. Macronen gerla haatik, iragarri duenez, antisoziala da, herrialde oso bateko prekarioak, eta asko dira, gaizki tratatzeko programa plazaratu berri duela... Dena dela, hogeita lau hilabeteotan, errealitateak uhertu dira. Amets gaiztoen zakua inarrostera behartuak gara, diamante gisa distiratuko luketen gogapenak bereizi eta Georges Perec maisuaren moduan harilkatzeko:

-Oroitzen dut lehen aldiz PCR proba egin nuen goizaz. Maiñon aldeko laborategi zokoratu batean sudur zuloa garuneraino induskatu zidaten. Urtsuko klusterraren baitan kasu kontaktu agitu nintzen,

-Oroitzen naiz, lau hilabetez itxia egon ondoren, muga hegoaldera berriz pasatu nuen eguerdiaz. Topoan sartzean, paper meta bat neukan eskuan eta maskara brikolatua muturrean. La Perlan bazkaldu nintzen eta arratsaldean Ondarretako Chillidaren Haize Orrazira jo nuen oinez,

-Oroitzen naiz, bilobak eta haurrak metroko distantziaz besarkatu nitueneko 2020ko maiatzaren 18ko egunaz. Momentu hunkigarriak ziren, sekula ez genuelako horrelakorik gertatuko zitzaigunik imajinatuko. Bagenekien ordukoz, gu baino kinka larriagoan zeudenak bazirela,

-Oroitzen naiz, irakurleekiko aurreneko bilkura telematikoa egin nuen arrastiriaz. Hernaniko mediatekan bilduekin Abaro poema liburuko olerkiak leitu nituen: urruntasun eta hurbiltasun sentsazio bitxia zen, hunkigarria eta ezinbestekoa jasaten genuen egoeran,

-Oroitzen naiz, frontera (literarioa?) nola iragan nuen, batean Maripi Solbes aspaldiko adiskidearekin, eta bestean Eider Rodriguezekin, kontrolatzen gintuzten poliziei idazleak ginela eta justuki nobela poliziakoak izkiriatzen genituela aitortuz: irriz lehertu ginen denak baimen agiriak erakutsi bitartean,

-Oroitzen naiz, gure artetik herioak eraman zituen ezagun, adiskide eta kideez: haiei agurrik eman ezinean geratu ginen, beranduago omenaldi-ekitaldietan parte hartu genuen arren, goian beude Jasone, Mimi, Anjel-Mari Untzueta, Virginie, Marijan,

-Oroitzen naiz, Netflixeko harpidetza utzi nuen gauerdiaz, hortik aitzina ETBko Nahieran atalean Goenkale telesailaz gozatzen hasteko, Maria Luisa Galardi, Arraldeko mafia buru antzekoaren distiraz eta larderiaz jabetuz,

-Oroitzen naiz baduela bi urte ez dudala autoko musika zinta aldatu, etengabean eta buklean Olatz Salvador entzuten nabilela, zintzilik eta aho uhala ezpainetan,

Bizitza zatiak dira, memoria mendreak, asko ikasi eta ikusi dugu... mundua ez da aldatuko, baina deus ez da herenegun bezalakoa izanen, hori da gure segurtamen izpia.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.