Beste fase batean sartzekoa omen zen orain Euskal Herriaren mendebaldeko erkidegoa (EAE). Hala iradoki zuen Urkulluk uda ostean; batik bat, irailean, Rajoyrekin bilduz geroztik. «Argi esan nuen abenduaren 31 arteko epea ematen niola», zioen duela bi aste pasatxo BERRIAn. Erregutu zion erantzuteko Gernikako Estatutua betetzeaz, espetxe politika malgutzeaz, ETAren armagabetzea errazteaz, kupoa eguneratzeaz... Iritsi da Urtezahar eguna, eta zaharrak berri: erantzunik ez. Azken beltzean, Jaurlaritzako lehendakariak jaso, mespretxua jaso du.
Baina segitzen du Madrilera begira, luzatu egin baitu epea. «PPrekin ez dago zer eginik. Hauteskunde orokorren zain egon behar da». Normalki, azaroan izango dira Espainiako bozak; eta, gobernu berria martxan hasterako, 2016ko udaberria bai.
«Eta zure eredua zein da?», orain bi asteko galdera bat lehendakariari. «Nahiago dut itxaron autogobernu lantaldetik ea zer ateratzen den». Joan den apirilean eratu zuten lantaldea, eta datorren maiatzeko udal eta foru hauteskundeak egin arte gonbidatuen hitzaldiak baizik ez dira izango. Gero, maiatzeko bozen ondotik, haien kudeaketa eta operazioak etorriko dira, uda ere seguru etorriko dela, horren ostean Espainiako bozak, Kongresuaren osaera eta Madrilgo exekutibo berria aztertu, eta hor gara Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren atarian. 2016ko urrian tokatzen dira EAEko bozak; Gabonak aldean Jaurlaritza osatu, eta, beraz, 2017an gaude.
«Nolanahi ere», aurreko itaun haren erantzunean oinarri batzuk plazaratu zituen Urkulluk: «Estatutua abiapuntu hartuta aldebikotasun efektiboa», «naziotasun aitorpena», «lurraldeen arteko hartu-emana» eta «Europako Batasunean herri edo eskualde gisa dugun tokia definitu». «Erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa» ere aipatu izan du. Berriro harri (Madril) berean tupust egiteko jokabidea, hain segur. Eusko Legebiltzarra saiatu zen haiek erdiesten 2004ko estatutu berriarekin eta 2008ko Galdeketa Legearekin. Estatuak atea itxi zion bietan. PSOE zegoen Moncloan, ez PP. Orain sozialistak konstituzio erreformaren aldarriarekin dabiltza, baina aldarri hori ez da sendoa. PSOErekin ere ez dago zer eginik.
Ordea, EAJk EAEko hauteskundeetara «estatus politiko berriaren» zutabeak proposatuz heldu beharra dauka, Madrilen blokeo jarrera ere lagun hartuta. Baina ez gaude 2001ean (604.000 boto, Ibarretxe buru zutela). Ez dago ETAren jarduerarik, ez dago Mayor Oreja-Redondo tandemik eta, hein txikiagoan, EAJk ez du eremu soziologiko jakin batera heltzeko EArik (eta ez horretarako Egibarrik). Gainera, maiatzeko hauteskundeen ondoren EH Bilduri foru eta udal gobernu batzuetara iristea eragoztearren aldez edo moldez PSE eta PPrekin batera agertzeak mailatuta utz diezaioke autonomikoetako diskurtsoa.
Nafarroako bozen aiduru, klase politikoak ez du prozesu berri baterako ekimenik eta batasunik. Eta, EH Bilduren Euskal Bidearen proposamena ezagutu artean —urtarrilaren 24an—, aurrerabide posible, gogoeta eta eztabaida interesgarrienak instituzio eta indar politikoetatik kanpo daude, abenduan Donostian Nazioak eta estatuak XXI. mendean: demokrazia eta erabakitzeko eskubidea nazioarteko jardunaldietan ikusi zen moduan, adibidez. Han, behin-behineko ondorioetan, Joserramon Bengoetxea jurista proposamenekin «sortze prozesuak landu» beharraz mintzatu zen. Euskal Herritik kanpo, berriz, Perez Royo jurista konstituzionalistak ohar adierazgarri bat egin zuen azaroan: «Katalunian bizitza politikoa egoteko oxigenoa falta da, [independentzia] erreferendumik izan ezean. Erreferenduma egin dadila aldarrikatzea da diskurtso posible bakarra». Ondorio horretara ez zen helduko Katalunian egungo estrategia ez balego.
Konplikatua dago egoera gurean. Gaur-gaurkoz, Euskal Herria aintzat hartzen dutenen artean gehienez ere norabide bat finkatzea litzateke xederik errealena, lortuz gero haren barruan kokatzeko mugimendu batzuk. 1952an, erbestean zela, Jose Antonio Agirre lehendakariak aitortu zuen Jaurlaritzak perspektiba akatsak egin zituela, eta horrek «beharrezko tentsioa eta dinamismoa» izatea galarazi ziela. Urte hartan sortu zen Ekin. Gaur egun bestelako fenomeno berriak gorpuzten ari dira.
Eusko Jaurlaritza. Urkullu eta Rajoyren arteko harremanak. ANALISIA
Sortze prozesuak lantzeaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu