Ane Pescador.
OSASUNA PENTSALDIAN

Solasaldien premia

2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Inoiz kontsultaren batean presaka artatu zaituzten sentsaziorik duzu? Hala bada, erantzunik gabeko hamaika galderekin itzuli zara etxera?

Komunikazioa ezinbesteko erreminta da osasungintzan, baina, pazientearekin komunikazioa lantzeko, denbora behar da. Eta sarritan harreman terapeutikoan ezinbestekoa den arlo hori ahanzturan uzten dugu, izan lan zama handia dugulako, izan lanean etengabeko leku aldatzeak bizi ditugulako edo izan emozionalki akituta egotera iristen garelako. Zenbaitetan, aurrean dugunari begietara begiratzeko astirik ez edukitzera ere iritsi gaitezke, eta, hala, pazientearengan bakardade sentsazioa utzi, eta guregan erruduntasun sentimendua.

Baina, esan bezala, komunikazioa ezinbestekoa da osasungintzan. Informazioaren hartu-eman honek konfiantzazko giroa sortzen baitu erabiltzaileen eta langileen artean. Pazientea nolakoa den ezagutzera eramaten gaitu, bere kezkak jakitera, bere emozioak ulertzera, eta unean uneko informazioa nola eman jakiteko tresnak ere eskaintzen dizkigu. Komunikazio egokia sortzen denean, harreman terapeutikoan gaixoak bere prozesuarekiko kontrol sentsazioa lortzen du, badaki aukera terapeutikoak zeintzuk diren, bere gaitzaren aukera errealistak ikusten ditu, antsietatea gutxitzen zaio, autozaintza eta prozesuan parte hartzea sustatzen ditu, segurtasun eta ongizate sentsazioak sortzen ditu.

Komunikazioak bi alde ditu, ordea, pazienteak jakingo baitu zeinekin hitz egin dezakeen lasaiago edota nor izan daitekeen bere prozesuan egokien lagundu dezakeen profesionala. Hitz egiteko denborarik hartzen ez baldin badugu, sarritan ez dugu jakingo pazientearen ama hizkuntza zein den, ezta gertatzen ari zaiona egoki ulertzen duen edota medikazioa ondo hartzen duen ere.

Zenbaitetan, osasun langileok, higadura emozionalaren beldur garelako edota hura pairatzen dugulako, harreman komunikatiboa saihesten dugu, baina harreman komunikatibo egokia eramateak, erretzetik urrun, lanbidean bizi ditugun egoerak hobeto kudeatzen laguntzen gaitu.

Sarritan ahaztu egiten dugu gurean komunikazioak duen garrantzia. Barru-barruko min horiek askatzeko baliagarri dugun tresna da, izuak eta beldurrak uxatu ditzakeena, ezinegon emozionala duen pertsonari bost minutuz bada ere kaos horretatik ateratzen lagundu diezaiokeena.

Eta zergatik ez aitortu egunerokoan opari bat dudala neure ogibidean komunikazioa. Bizitzaren etengabeko ikasketa bat dela. Eguneroko gauza txikienak uneren batean gure desiorik handienak izan daitezkeela jakitea, ospitaleko ohe bakartia atzean utzi, eta etxeko ohean maite dugun pertsonarekin besarkatuta lo egitea bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.